Gaur hasiko da kimu mutilen Azpeitia Cup txapelketa

Uztarria.eus 2019ko eka. 7a, 11:43
Iazko Azpeitia Cupeko irudia.

Euskal Herriko, Espainiako eta Portugalgo 40 taldek parte hartuko dute txapelketan. Tartean, Lagun Onakek eta Anaitasunak. Guztira, 110 neurketa jokatuko dituzte futbolari gazteek hiru egunetan. Gaur, 18:00etatik 20:00etara bitartean jokatuko dituzte norgehiagokak Garmendipeko futbol zelaietan.

Euskal Herriko nahiz Espainiako punta-puntako futbol kluben harrobiko taldeak izango dira gaurtik igandera bitartean Azpeitian. Izan ere, kimu mutilen Azpeitia Cup txapelketa jokatuko dute 40 taldek Garmendipeko futbol zelaietan. Besteak beste, Bartzelona, Atlhetico Madril, Real Madril, Valentzia, Getafe, Espanyol, Athletic, Reala, Alaves, Betis, Eibar, Rayo eta Malaga ariko dira lehian, baita etxeko talde bi ere: Lagun Onak eta Anaitasuna. Bestalde, aurtengo lehian ariko den nazioarteko taldeen artean da Portugalgo Porto.

Bost futbol taldez osatutako zortzi multzotan jokatuko dute kimu mutilek txapelketa, eta multzo bakoitzetik bi talde sailkatuko dira igandeko azken fasera. Guztira, 110 neurketa jokatuko dituzte futbolari gazteek hiru egunetan. Gaur, 18:00etatik 20:00etara bitartean jokatuko dituzte norgehiagokak; bihar, 09:00etatik 20:30era artean; eta etzi 09:00etatik aurrera. Igandean, gainera, 12:10ean izango dira finalerdietako neurketak, eta 13:15ean izango da finala, Garmendipe futbol zelaian.

Mutilen txapelketaren erreleboa infantil neskek hartuko dute datorren asteburuan. Ekainaren 14an, 15ean eta 16an jokatuko dituzte neskek txapelketako neurketak, eta lehia horretan ere punta-puntako taldeek parte hartuko dute.