Nerea Berasategik Cartagenako XIV. Triatloia irabazi du

Uztarria.eus 2019ko eka. 3a, 12:01
Nerea Berasategi atzo helmugan.

Berasategik ordubete, hamar minutu eta 56 segundo behar izan zituen 750 metro igerian, hogei kilometro bizikletan eta bost lasterka egiteko. Azpeitiarra Murtziako goi errendimendu zentro batean ari da ikasturtea gauzatzen.

Nerea Berasategi atleta azpeitiarrak Cartagenako (Murtzia, Espainia) XIV. Triatloia irabazi zuen atzo, igandea. Elite mailan lehiatu zen azpeitiarra, beste 350 bat kirolarirekin batera, eta emakumeetan bera helmugaratu zen lehenengo postuan. Berasategik ordubete, hamar minutu eta 56 segundo behar izan zituen 750 metro igerian, hogei kilometro bizikletan eta bost lasterka egiteko.

Igeriketako zatia bukatzean, bakarrik atera zen uretatik Saltoki Diquesi Trikideak taldeko kirolaria, eta bizikletan errenta hori handitzea lortu zuen. Bigarren sailkatuak, Beatriz Ortinek, ordubete, hamabi minutu eta bost segundo behar izan zituen proba bukatzeko, eta ordubete, hamabi minutu eta 57 segundo Andrea Marco hirugarren sailkatuak.

Beka bati esker, aurreko ikasturtea Valladolideko (Espainia) goi errendimendu zentro batean egin zuen Berasategik, eta bukatzear den ikasturte berria Murtzian (Espainia) ari da egiten.