Mantangorririk gabe agurtu dituzte herritarrek Sanjuandegiko festak

Uztarria.eus | Festak
2019ko eka. 2a, 20:50

Bukatu dira Sanjuandegiko festak, baina aurtengo jaiak ez dira amaitu nahi bezala horiek antolatzeaz arduratzen den XJ Auzolaneanentzat. Izan ere, 20:00etarako iragarrita zegoen Mantangorriren igoera ez dute egin, ezezagunek auzoko jaietako maskota lapurtu eta puskatu egin dutelako. Hala adierazi du batzordeak jaiei bukaera ematerakoan, eta batzordekideek azaldu dute gertatutakoarekin "haserre" daudela, halakoek festak antolatzen jarraitzeko gogoa kentzen dutela adierazita eta festak herritarren borondateari esker auzolanean egiten direla esanda. Minutuko isilunea egin dute Jose Antonio Agirre plazan elkartu diren lagunek, batzordeak hala eskatuta, eta ondoren, txalo zaparradarekin agurtu dituzte aurtengo festak.

Halabeharrez, jaietako egitarauko azken ekintza ez dute egin, baina arratsaldean zezen txikiez eta herri kirol jaialdiaz gozatzeko aukera izan da auzoan. Gainera, jaietako zozketak ere egin dituzte. Honako hauek dira zenbaki sarituak eta horien ordezkoak: lehen sariaren zenbaki saritua 715 eta ordezkoa 785; bigarren sariaren zenbaki saritua 1.211 eta ordezkoa 1.311.

Hona hemen, arratsaldeko irudi batzuk:

Ikusi argazki guztiak haundiago

 

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzunak

Kontziente | 2019-06-02 : 23:24

Agur eta ohore mantangorri. Lehenik eta behin, gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu Mantangorriren familia haundiari (Aitona Mantangorri, Mikel Mantangorri, Mertxe Mantangorri, eta senitarteko guztiei (Quintana de la Serenako senideak barne). Erasoaren larritasuna ikusirik, ekintza hau gaitzetsi nahi dugu. Mezu honen bitartez, Azpeitiko Udalari neurriak har ditzan eskatzen diogu, bizikidetzaren izenean, egia, justizia eta erreparazioa eskatuz. Aldi berean ekintzaren egileengan, justiziaren pisu guztia eror dadila eskatzen dugu. Nuarbeko Erlea, albistea jakin berritan mintzatu da, bere kezka adieraziz, eta bere segurtasunerako eskolta bat eskatuz. Zorigaiztoko gertakari hau irmoki salatzeko, biar arratsaldeko 17:00etan, umeak eskolatik irten ondoren, Txiki-Txoko ludotekaren aurrean egingo den elkarretaratzera agertzeko dei egiten dizuegu, herritar guztiei. Horrelakorik berriro gerta ez dadin, ozen adierazi nahi dugu gure babes eta elkartasun guztia, gure arterik joan berri zaigun, Mantangorriren omenez.
Sinatzaileak:
-Hauji
-Txitximore
-Lizartxo
-Nuarbeko Erlea
-Rokitxo
-Urgi
-Argitxo Iratxoa
-Lapatxen bahitutako dinosaurio eta mamuta (zuhaitzaz ez gara ahazten)
-Mendizaletako danborradako txakurra
-Ikasberriko danborradako pony-a
-Azpeitiko buruhandi eta erraldoiak
-Zerura ihes egiten duten globo guztien elkartea
-Xoxoteko San Inazio
-Txakur kaken edukiontziko txakurra

Betikue | 2019-06-03 : 00:11

...Gora Mantangorri! Herriak ( auzoak) ez du barkatuko!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu