11/13 auziko kideek manifestazioa deitu dute irailaren 14rako

Uztarria.eus | Politika
2019ko eka. 1a, 18:10

Datorren irailaren 16an hasiko da euskal presoen eskubideen defentsan aritutako 47 euskal herritarrek kontrako epaiketa. Bi egun lehenagorako jarri dute hitzordua, Bilbon, epaiketari "kalean eta jendearekin" erantzuteko. Eneko Ibarguren azpeitiarra dago auziperatuen artean.

Auziperatuek gaur egin duten agerraldiko irudia. (47akHerrian)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Datorren irailaren 16an hasiko da euskal presoen eskubideen defentsan aritutako 47 euskal herritarrek kontrako epaiketa Espainaiko Auzitegi Nazionalean, eta auzipetuen artean da Eneko Ibarguren azpeitiarra. Osasun arloko profesionalak, abokatuak eta presoen eskubideen aldeko eragileetako kideak dira auzipetuak, eta horiek agerraldia egin dute gaur Donostian, IrtenBidera. Giza eskubideak, demokrazia, etorkizuna dinamikaren barruan manifestazio handi bat antolatzen ari direla esateko. Hain zuzen ere, auzipetuek adierazi dute gizartearen babesa jaso nahi dutela epaiketaren atarian, eta manifestazioa irailaren 14rako deitu dute horiek; Bilbon izango da. "Kalean eta jendearekin erantzun nahi diogu epaiketari", azaldu dute epaituko dituzten lagunek.

Jakinarazi dute hainbat eremutako pertsonekin "manifestu zabal bat" lantzen ari direla manifestazioak oihartzun eta parte hartze handiagoa izan dezan, eta esan dute datozen asteetan emango dutela horren berri. Bestalde, webgune berezia sortu dute, epaiketaren gaineko informazioa herritarren eskura jartzeko: www.11-13makroepaiketa.eus. Auziperatuek azaldu dutenez, presoen elkartasun sarearen parte izateak asko izan du ederretik, baina baita asko minetik ere: "Ondorio pertsonal handiak izan ditu honi lotu izanak. Auzi luze honek gure bizitzak baldintzatu ditu". Dena den, horiek esan dute egindako lanarekin "lasai" daudela. "Gure printzipio politiko eta etikoei loturik aritu gara uneoro, eta lasai gaude egin dugunarekin". Etorkizunari dagokionez, ordea, kezka dute nagusi. "Guk espetxearen mamua dugu parez pare. Gure hurbilekoek gure ausentziaren, sakabanaketaren eta finean maite duten pertsona bat preso izatearen mamua dute parez pare. Azpimarratu beharrean gaude egun 38 adingabe ditugula guztira gure zaintzapean, eta pertsona hauen garapen afektibo eta emozionala erabat baldintzatuko lituzkeela gure espetxeratzeak".

Epaiketa, sei urtera

2013ko irailean Herriraren kontra eginiko polizia operazioan du jatorria 11/2013 sumarioak. Izan ere, Herrirako kideekin batera, sumario horren barruan sartu zituen Eloy Velasco epaileak ondoren atxilotutako abokatuak nahiz Etxerat eta Jaiki Hadiko kideak. Epaile horrek egin zuen instrukzioa, eta Auzitegi Nazionaleko fiskalak bat egin zuen haren tesiarekin. Horren arabera, "ETAren espetxe frontea" osatzen dute auzipetuek, eta "erakunde terroristako kide" izatea leporatzen die ia denei. Auzipetze autoan, baina, epaileak berak aitortu zuen aztertutako dokumentuetan ez dutela aurkitu ETAren eta ustezko Koordinazio Gunearen artean lotura zuzenik eta harreman organikorik zegoela esateko moduko "inongo daturik".

Ibarguren 2013ko irailaren 30ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, Herriraren kontra egindako operazioaren barruan; "Gipuzkoako Herriraren zuzendaritzako kide izatea" egotzita atxilotu zuten azpeitiarra. Lau egun beranduago, urriaren 3an, utzi zuen aske Velasco epaileak berak. Egun berean harrera egin zioten Azpeitian; eta hurrengo egunean, berriz, elkarretaratze jendetsua izan zen plazan, Ibargureni babesa agertzeko eta presoen inguruko mugimenduaren kontrako erasoa salatzeko.

2015eko urtarrilean, berriz, 2013ko Herriraren kontrako sarekadan atxilotutako guztiak deklaratzera deitu zituzten, tartean Ibarguren, langileen aurkako delitua egotzita. 11/2013 sumarioa da Velascok orain irekitakoa eta, hor, aparteko pieza modura sartu du auzi ekonomikoa, abokatuen eta Herrira-ren diru kontuekin lotuta. Zergarik ez ordaintzea eta dirua zuritzea egotzi diete abokatuei, eta langileen segurtasunaren aurkako delitua Herrirari.

47 lagun epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta tartean da Ibarguren azpeitiarra. Fiskalak zortzi eta 21 urte bitarteko espetxealdiak eskatu ditu auzipetu guztientzat, eta gainera, hainbat urtez zaintzapean egotea eta isun ekonomikoa ere galdegin du horientzat. Hain zuzen ere, fiskalak hamahiru urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du Ibargurenentzat, baita 4.800 euroko isuna eta zortzi urteko inhabilitazioa ere.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu