Sanjuandegiko festak 2019

Kirola eta musika bandaren doinuak uztartu dira eguerdira artean Sanjuandegiko festetan

Uztarria.eus 2019ko eka. 1a, 17:30

Auzo Eguna ospatzen ari dira gaur Sanjuandegiko festetan. Xake txapelketarekin hasi dituzte eguneko ekitaldiak. Segidan, judo erakustaldia egin dute herriko judokek. Eguerdian, festetarako jarritako karpan Azpeitiko Musika Bandak kontzertua eskaini du, eta auzoko tabernetan triki-pintxo poteoa egin dute auzotarrek. Atzo, gazteen afaria egin zuten, eta gaur eguerdian, berriz, auzo bazkarirako elkartu dira dozenaka lagun Jose Antonio Agirre plazan. Bazkaltzeko, bi paella eder prestatu dituzte auzotarrek. Bero handia egiten duenez, plazan itzala aurkitu behar izan dute auzotarrek bazkaltzeko.

Festak arratsaldean segida izango du Sanjuandegin: 17:00etan, VII. Trikitixa Txapelketa izango da, eta 18:30ean, txokolatada. Ttek! elektrotxaranga ibiliko da 19:00etatik aurrera erraldoi eta buruhandiekin. 20:00etan, berriz, Azpeitiko Sareren eskutik parrilada izango da. Gaurko ekitaldiak kontzertuekin bukatuko dira, The Bobbys eta Los zopilotes txirriaos taldeak ariko dira aurrena, eta segidan, DJ X eta Mixta.