Estraktuez eta landareen osasunaz tailerra emango dute astelehenean baratze parkeetan

Uztarria.eus 2019ko mai. 31a, 18:56
Ikasberriko baratze parkea. (Ekogunea)

Baratzeetan erabil daitezkeen produktu ekologikoen eta estraktuen gaineko azalpenak emango dituzte. Bi saio prestatu dituzte, Ikasberri ondoko baratzeetan bata eta Otzakakoetan bestea, biak arratsaldean. Doakoa da ikastaroa eta baratzerik ez duten herritarrek ere parte har dezakete. Furgobaratza zerbitzua ere emango dute egun berean.

Estraktuak eta landareen osasuna izeneko tailerra emango dute astelehenean, ekainak 3, herriko baratze parkeetan. Besteak beste, baratzeetan zer produktu ekologiko eta zer estraktu erabil daitezkeen azalduko dute tailer horretan.

Bi saio prestatu dituzte: Ikasberri ondoko baratzeetan izango da aurrena, 17:00etatik 18:15era; eta Otzakako baratzeetan bestea, 18:15etik 19:30era. Bi saioak doakoak dira, eta baratzerik ez duten herritarrek ere parte har dezakete tailerrean.

Ekoguneak eta Kutxa Fundazioak Udalarekin babesarekin antolatutako tailerra da astelehenekoa, Furgobaratza zerbitzuaren barruan antolatzen dituzten ekintzetako bat. Hain zuzen ere, aipatutako tailerraz gain, Furgobaratzaren ohiko zerbitzua ere izango da astelehenean herriko baratze parkeetan.