Sabiñanigorako prestatzen

Gipuzkoako Hitza 2019ko mai. 31a, 14:03
Quebrantahuesoseko irudi bat.

Ekainaren 22an izango da aurtengo Quebrantahuesos bizikleta proba. 47 herrialdetako 11.500 lagunek parte hartuko dute. Urteroko ekitaldia da ehunka gipuzkoarrentzat. Horietako bat da Jon Altuna, eta ondo ezagutzen du prova Eli Aizpuruk. Horiekin hitz egin du Aitziber Arzallus Gipuzkoako Hitzako kazetariak.

Hiru aste barru jokatuko dute aurtengo Quebrantahuesos txirrindularitza proba, Sabiñanigon (Aragoi, Espainia). Galdu ezinezko ekitaldia da gipuzkoar askorentzat. Zenbakiak dira horren adierazgarri: 29. aldia izango da aurtengoa, eta 47 herrialdetako 11.500 txirrindularik parte hartuko dute. Proba luzea egingo dute 9.500ek, berrehun kilometrokoa; Treparriscos izeneko proba motza, berriz, beste 2.000k, 85 kilometrokoa. Askoz gehiago izan ziren, ordea, bi proba horietakoren batean parte hartzeko izena eman zuten txirrindulariak: 20.000, hain zuzen ere. Antolatzaileek zozketa bidez erabakitzen dute nork parte hartuko duen eta nork ez.

Jon Altuna azpeitiarra da zortea izan dutenetako bat, eskuan baitu ekainaren 22an berrehun kilometroko proba egiteko txartela. Zazpigarren aldia izango du, eta gogotsu dago, ikaragarri gustatzen baitzaio Sabiñanigon hasi eta bukatzen den proba. "Lehenengo aldian lagun artean egin nuen ibilbidea, lasterketa egunetik kanpo, eta asko gustatu zitzaidan". Horregatik, urtero saiatzen da parte hartzen, nahiz eta urteren batean huts egin behar izan duen, "beste konpromiso batzuk" zituelako.

Eli Aizpuru azpeitiarrak ere primeran ezagutzen du Quebrantahuesos probaren ibilbidea, askotan egin baitu. Duela urte batzuk arte, ohiko txirrindularietako bat izaten zen Sabiñabigoko irteera gunean. "Zortzi bat aldiz egindakoa naiz, baina azken urteotan ez naiz joan, zozketa sistemarekin ez nagoelako ados".Ez du kritikatu zozketa egitea bera, zozketa horren kontura negozioa egin nahi izatea baizik. "Zozketan parte hartzeagatik hiru edo lau euro kobratzen dizkiote txirrindulari bakoitzari, eta kanpoan geratzen direnei ez diete itzultzen dirua". "Printzipio kontua" da Aizpururena.

Zozketan txartela eskuratzen dutenek beste 70 euro ordaindu behar izaten dituzte gero proban parte hartzeko. Hori da proba horretan parte hartzeko pagatu beharreko gutxieneko kopurua. Azken urteotan, baina, probak sortzen duen interesaren jakitun, hamaika eratako eskaintzak merkaturatzeari ekin diote antolatzaileek. Adibide gisa, Premium pack-ak jarri dituzte salgai: Quebrantahuesos proban parte hartzeko bi lagunentzako txartela eta lau izarreko hotelean gaua, 1.042 euroren truke.

Hiru asteren faltan, kilometroak egin eta egin ari dira Quebrantahuesos proba egiteko asmoa duten txirrindulariak, lasterketara sasoi onean iristeko. "Izugarrizko lehia egoten da", kontatu du Aizpuruk. "Baina, batez ere, norbere buruarekin, denbora jakin bat egitera joaten delako jendea". Horren eraginez, eta parte hartzaileen kopuruagatik, irteera gunean "tentsio handia" sortzen dela azaldu du, eta "arriskutsua" izaten dela hori.

Irakurri erreportaje osoa, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.