Oier Etxeberria Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara sailkatu da

Uztarria.eus 2019ko mai. 27a, 13:23
Oier Etxeberria

Etxeberriak joan zen zapatuan abestu zuen Donostian, eta 309,5 puntu batuta lortu du txartela. Irailean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, eta lehian ariko dira Etxeberria, Jokin Uranga eta Beñat Lizaso. Lizasok orain dela lau urteko Gipuzkoako Txapelketan egindako lana tarteko lortu du txapelketarako txartela.

Asteburuan bukatu da Gipuzkoa Bertsotan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea, eta dagoeneko erabakita dago zein 34 bertsolari sailkatu diren irailean hasiko den txapelketara. Sailkapen fasean bi azpeitiarrek lortu dute txapelketarako txartela: Oier Etxeberria eta Jokin Uranga. Etxeberriak joan zen zapatuan abestu zuen Donostian, eta 309,5 puntu batuta lortu du txartela. Urangak, berriz, lehengo asteburuko Errezilgo saioa irabazi zuen 333,5 punturekin, eta hura ere irailean hasiko den txapelketan ariko da. Puntuazio muga tarteko, txapelketatik kanpo gelditu dira Jon Gurrutxaga, Iker Letamendia, Imanol Albizu eta Urko Egaña.

Beñat Lizaso irailean sartuko da txapelketan, orain lau urteko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan egindako lana tarteko –final laurdenetara iritsi zen azpeitiarra–.