Gipuzkoako Herriartekoko final laurdenetara sailkatu da Ilunpe

Uztarria.eus 2019ko mai. 25a, 15:42

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako zazpigarren txapelaren bila jarraitzen du Azpeitiak, eta horretarako beste urrats bat egin zuten atzo, ostirala, Ilunpeko pilotariek. Izan ere, final zortzirenetako itzulerako hiru norgehiagokak irabazi zituzten azpeitiarrek, eta horrenbestez, final laurdenetara sailkatu zen Azpeitia. 

Azpeitiko pilotariak hiru eta hutseko abantailarekin kantxaratu ziren Izarraitz pilotalekura Donostiako pilotarien aurka indarrak neurtzeko asmoz, eta Azpeitiko kadeteek, jubenilek eta seniorrek aise hartu zituzten mendean donostiarrak. Izan ere, Ilunpeko kadete Aimar Egigurenek eta Jakes Elosegik 22-5 irabazi zieten donostiarrei; jubeniletan, berriz, Unai Alberdi eta Haritz Larrañaga azpeitiarrek 22-2 emaitzarekin amaitu zuten saioa; seniorretan ere partida azkarra egin zuten Julen Egiguren eta Daniel Murgiondo azpeitiarrek, eta markagailua 22-9 zela bukatu zen haien norgehiagoka. 

Joan zen astean ere 0 eta 3 irabazi zion Azpeitiak Donostiari final zortzirenetako joanekoan. Atano III.a pilotalekuan jokatu zituzten norgehiagokak, eta orduan ere erraz nagusitu ziren pilotari azpeitiarrak.

(Argazkiak: Javier Ruiz de Larrinaga)