Eguraldi txarrari aurpegi ona jarri diote Lagun Onaken zaleek

Uztarria.eus 2019ko mai. 25a, 15:23

Euria eginagatik, giro ederra da nagusi Lagun Onak futbol klubaren egunean. 10:00etan suziria botatzearekin batera ekin diote herritarrek Lagun Onak Eguna ospatzeari, baina euriak zan du eraginik haren egitarauan, Garmendipeko zelai artifizialean jartzekoak ziren puzgarriak, esaterako, bertan behera utzi baitituzte. Dena den, klubeko gaztetxoek futbol partidak jokatzeko aukera izan dute, han elkartutako dozenaka lagunen animo artean. 

Lagun Onakeko kideek eta zaleek egun osoko egitaraua dute aurretik, eta arratsaldean, gainera, hitzordu garrantzitsua izango dute; izan ere, Gorengo Mailako gizonen taldeak igoera faseko itzulerako partida jokatuko du Garmendipe futbol zelaian. Touring taldea izango du aurrez aurre gizonen bigarren taldeak, eta joaneko norgehiagokako banakoarekin, partida irabaztea edo 0-0 berdintzea komeni zaio Lagun Onaki. Klubak zale guztiei 16:15erako Garmendipera joateko deia egin die; 16:30ean hasiko da neurketa.

Partida bukatzean, 19:00 aldean, Orkestra elektrotxaranga hasiko da kalean giroa alaitzen. Perez Arregi plazan hasiko dute emanaldia, eta handik plaza ingurura joango dira musikariak. Izan ere, Lagun Onakek Ohorezko Erregional Mailara igotzea lortzen badu, Udalak harrera egingo dio taldeari. Elektrotxarangak 21:00 ingurura arte eskainiko du emanaldia.

Lagun Onakeko jokalariek, entrenatzaileek eta kideek Kiruri jatetxean segituko dute festarekin; izan ere, han egingo dute 2018-2019 denboraldiaren bukaerako afaria. Afalostean, urteroko sari banaketa egingo dute klubeko ordezkariek.