Astelehenean zabalduko dute udaleku irekietan izena emateko epea

Uztarria.eus 2019ko mai. 25a, 11:53
Udaleku irekietako irudia. (Azpeitiko Udala)

Aurten, HH2ko haurretatik Batxilergoko bigarren mailara arteko umeek eta gaztetxoek izango dute ekintzetan parte hartzeko aukera. Ekainaren 24an hasi eta uztailaren 19ra arte izango dira udalekuak, eta maiatzaren 27tik 31ra eman ahalko da izena.

Udaleku irekietan izena emateko epea datorren astelehenean, maiatzak 27, zabalduko dute, eta dagoeneko banatu dituzte eskuorriak ikastetxeetan. Aurten, hainbat berrikuntza izango dituzte udalekuek: izan ere, parte har dezaketen haurren adin tartea zabaldu egin dute, eta HH2ko haurretatik Batxilergoko bigarren mailara arteko umeek eta gaztetxoek izango dute ekintzetan parte hartzeko aukera. Azken urteetan egin den moduan, aurten ere herriko hainbat eragilerekin elkarlanean antolatu dituzte ekintza batzuk, eta ahalik eta udaleku inklusiboenak egitea izan da helburua, herritar orok parte hartzeko aukera izan dezan.

Udalekuak ekainaren 24an hasi eta uztailaren 19ra arte izango dira. Izen-emate epea, berriz, datorren astean, maiatzaren 27tik 31ra, biak barne, izango da, eta interesatuek Azpeitiko Gazte Informazio Bulegora (plaza txikia z/g)  joan beharko dute honako ordutegian: goizez, 10:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara.