Xoxoteko Eguna ospatuko dute igandean

Uztarria.eus 2019ko mai. 24a, 13:43
Iazko Xoxoteko Eguneko irudia.

Mendi Asteari amaiera emateko, Xoxoteko Eguna ospatuko dute Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Xoxoteko aterpeak igandean. 09:00etan abiatuko dira plazatik, eta eguerdi partean, festa giroa nagusituko da mendian.

Mendi Astea egiten ari dira egunotan herrian, eta egitasmoari amaiera emateko, Xoxoteko Eguna ospatuko dute igandean. Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Xoxoteko aterpeak antolatu dute festa eguna, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin, eta jai giroa nagusituko da goiz partean Xoxote mendian.

09:00etan plazatik abiatuko dira Xoxotera, eta gailurrera iristean, salda banatuko diete bertaratzen direnei. 12:00etan, meza izango da, eta ondoren, mendian hil diren herritarrei lore eskaintza egingo diote. Segidan, urtean zehar Lagun Onak Mendi Bazkunaren ekintzetan parte hartu duten gaztetxoei dominak banatuko dizkiete, eta 13:00etan, herri kirolen saioa izango da; aizkoran, Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño ariko dira, eta harri jasotzen, Jon Unanue Goenatxo III.a. Gero, paella erraldoia egingo dute, eta hura dastatzeko aukera izango da. Gainera, egun osoan zehar, Jurgi Ituarte eta Izaro Oleaga trikitilariek alaituko dute giroa.