Azpeitiko Elmubas enpresa erosi du Portobello Capitalek

Uztarria.eus 2019ko eka. 25a, 20:50
Elmubas enpresaren ataria.

Espainiako hainbat hedabideren arabera, 200 milioi eurotik gorako mekartu balioa du Azpeitiko Orendaundi industriagunean kokatuta dagoen enpresak. Etxe-animalientzako jana egiten dute sektore horretan 30 urte daramatzan Elmubas enpresan. Uztarria.eus-ek jakin ahal izan duenez, enpresa handitzeko asmoa du jabe berriak.

Uztarria.eus-ek jakin ahal izan duenez, Azpeitiko Elmubas Petfood Group –Piensos Bastida lehen– erosi berri du Portobello Capital arrisku kapitalen kudeaketa enpresak. Hilabete batzuetako prozesuaren ostean, joan zen ostiralean gauzatu zuten salerosketa bi aldeek, eta egunotan ari dira jabeak egindako prozesuaren emaitzen berri ematen langileei. Espainiako hainbat hedabideren arabera, Azpeitiko enpresaren merkatu balioa 200 milioi euroren bueltakoa da. Etxe-animalientzako jana egiten dute Landetako Orendaundi industriagunean kokatuta dagoen Elmubas lantegian, eta sektore horretan aritzen den enpresa nagusienetakoa da.

Interes handia piztu zuen duela hilabete batzuk Elmubasen salerosketak sektorean; izan ere, maskoten merkatua etengabe hazten ari da eta merkatuan oso posizionemandu ona du. Elmubasen jabeek Deloitte konpainiara jo zuten eroslea aurkitzeko laguntza eske, eta, orduz geroztik, funts ugarik erakutsi dute Azpeitiko lantegia erosteko interesa. Dena den, azken hilabeteetan Portobello Capital aritu da salerosketa negoziatzen Elmubaseko jabeekin.

Elmubasek etxeko animalientzako jana ekoizten du, eta besteak beste, Carrefourrentzat, Eroskirentzat eta Alcamporentzat produktu zuriak egiten dituzte enpresa horretan. Azpeitiko enpresak 30 urtetik gora daramatza animalientzako jakien sektorean lanean. Enpresak langileei azaldu dienez eta Uztarriak jakin ahal izan duenez, beharginei ez die aldaketarik eragingo egin berri duten salerosketak; are gehiago, enpresa handitzeko asmoa agertu dute jabe berriek. Uztarria saiatu da Elmubaseko ordezkariekin hitz egiten, baina momentuz ez du lortu haiekin harremanetan jartzerik. Portobello Capitalekin, berriz, hitz egin du Uztarria.eus-ek, eta funts horrek salmenta ezin duela baieztatu azaldu dio.