"Egiturazkoa den arazoari egiturazkoak diren soluzioak" emateko eskatu dute, lan istripuetan hildakoak gogoan

Uztarria.eus 2019ko mai. 22a, 22:30

Eguerdian gehiengo sindikalak deituta egindakoa eta gero, arratsaldean beste elkarretaratze bat izan da Azpeitiko plazan, lan istripuak salatzeko eta horien ondorioz hildako langileak gogora ekartzeko. Hainbat herritarrek erantzun dio herriko zazpi eragilek –CNT, Sortu, ELA, LAB, Gaztetxea, Ernai eta Elkar-ekin– bateratuta egindako deialdiari, eta 19:00etan hasita, Prekarietateak hil egiten du. Lan baldintza duinak herritar guztiontzat zioen pankartaren atzean batu dira, isilik. Herenegun Zestoan eta Zarautzen gertatutako bi lan heriotzak salatzeko egin zuten gaurko deialdia herriko eragileek –Urrestillakoa zen Zestoan hil zen behargina–; baina elkarretaratzearen ondoren deitzaileek kioskoan hitza hartu dutenean gogoratu dute gaur bertan beste langile bat hil dela lanean ari zela Loiun (Bizkaia), eta CAF enpresan lanean aritutako beste behargin ohi bat ere hil dela, amiantoaren ondorioz. Horiek batuta, 2019a hasi denetik Euskal Herrian 20 lan heriotza izan direla gogoratu dute.

Deialdia egiteko zazpi deitzaileek plazaratutako komunikatua irakurri dute kioskoan, eta "egiturazkoa den arazoari egiturazkoak diren soluzioak" emateko eskatu dute. Zestoan basoan lanean ari zela hildako Urrestillako bizilaguna ezagutzen zuen herritar batek ere hartu du hitza, eta Bitoriano Gandiagaren testu bat irakurrita amaitu dute ekitaldia.