Hauskortasun egoeran dauden adinekoentzat Goiz Lagun zerbitzua jarri du martxan Udalak

Uztarria.eus 2019ko mai. 23a, 12:51
Leire Goenaga eta Estitxu Elduaien zinegotziak.

Zerbitzuaren helburua da adinekoei beren autonomiari eusten laguntzea, horiei ohiko inguruan mantentzen eta gizarteratzen laguntzea eta etorkizunean izan ditzaketen nahasteak aurrezaintzea edo atzeratzea. Gehienez hamabost laguneko taldea osatuko dute, eta horiekin hainbat saio egingo dituzte. Horietan, eremu kognitiboa, eremu psiko-afektiboa nahiz harreman, aisialdi eta kultura eremua landuko dituzte, hainbat teknikaren bidez.

Azpeitiko Udalak hauskortasun egoera dauden adineko pertsonentzat Goiz Lagun zerbitzua jarri du martxan. Zerbitzuaren helburua da adinekoei beren autonomiari eusten laguntzea, horiei ohiko inguruan mantentzen eta gizarteratzen laguntzea eta etorkizunean izan ditzaketen nahasteak aurrezaintzea edo atzeratzea. Horretarako, zerbitzuaren erabiltzaileekin hainbat saio egingo dituzte goizetan, eta gehienez, hamabost laguneko taldea osatuko dute. Interesa duten herritarrek Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailarekin jarri beharko dute harremanetan, 943-15 71 92 telefonora deituta edo gizarte@azpeitia.eus helbidera mezua idatzita.

Adinekoekin egingo dituzten saioetan hiru arlo edo eremu landuko dituzte: eremu kognitiboa; eremu psiko-afektiboa; eta harreman, aisialdi eta kultura eremua. Horretarako esku terapia –motrizitatea lantzeko–, prentsa saioak –informazioa jasotzeko–, aisi jarduerak –oinarrizko gaitasunak garatzeko– nahiz erlaxazio saioak –antsietate, depresio edo arazo fisikoak sendatzeko eta hobetzeko– egingo dituzte. Gaitasun kognitiboaren arloan atentzioaren, oroimenaren nahiz lengoaiaren galdera aurrez zaintzea edo atzeratzea landuko dute, gaitasun horiek estimulatzeko teknikekin. Eremu psiko-afektiboan, berriz, antsietate egoerek eragin ditzaketen eragin negatiboak nahiz depresio sintomak aurrezainduko dituzte, baita komunikazio edo talde partaidetza sentimendua suspertu ere. Horrez gain, harremanen, aisialdiaren eta kulturaren eremua lantzeko, gaurkotasunari lotutako informazioa eskainiko diete erabiltzaileei, eta horien aisialdia sustatuko dute.

Jarduerak erabiltzaileen "gustuen eta motibazioen" arabera egokituko dituztela azaldu du Udalak, eta esan du proiektuak aurrera egin ahala, jarduerak aldatzeko aukera ere izango dela. Dena den, Udalak oroimena eta bestelako funtzio kognitiboak lantzearen eta estimulatzearen garrantziaz ohartarazi du, horiek estimulatzeak "galderak" sor ditzakeelako eta pertsonen bizi kalitatean eragin dezakeelako.