Nerea Mendizabal: "Helburua umearekin kalitatezko konexio bat lortzea da"

Gipuzkoako Hitza 2019ko mai. 23a, 13:13
Nerea Mendizabal. (Karkara)

Psikopedagogoa da Nerea Mendizabal (Zestoa, 1976), eta komunikazio ez-bortitzaren alorreko ziurtagiria du. Ikastetxeetan, gurasoekin, irakasleekin eta abarrekin ari da lanean eredu horri buruzko ikastaroak ematen. Esperientzia hori liburu batean jaso du, eta Sanagustinen aurkeztuko du zapatuan Elkarrekin hazi lana, 12:00etan. Gipuzkoako Hitzak elkarrizketa egin dio Mendizabali.

Zer da komunikazio ez-bortitza?

Marshall Rosenbergek garatutako eredu bat da, eta funtsa da pertsonen artean ahalik eta konexio onena lortzea, parte guztien ongizatea bermatzeko. Bi erreminta boteretsu erabiltzen ditu horretarako: batetik, adierazpen zintzoa, norberaren emozio eta beharren inguruan; eta, bestetik, beste partearen entzute enpatikoa, bestea ulertu eta haren beharrak ezagutzeko. Bi horiek uztartuz, bestearen eta norberaren beharrak asetzen saiatzea da.

Hilaren amaieran liburu bat kaleratuko duzu gai horri buruz.

Bai; euskarazkoak Elkarrekin hazi izango du izenburu, eta gurasoei zuzenduta dago. Hainbat ariketa eta proposamen egiten ditut seme-alabekin konexio hori lortu ahal izateko. Oso modu praktikoan aurkezten saiatu naiz. Edukia badago, teoria badago, baina saiatu naiz eduki guztietan adibideak eta ariketak jartzen.

Zergatik liburu bat?

Batetik, interes handia dagoelako. Bestetik, nik ere asko ikasi eta esperimentatu dudalako azken urteotan gurasoekin egin dudan lanketan, eta beharra sentitu nuelako hori paperera eramateko. Gainera, pozgarri zait euskaraz argitaratzea, ez baitugu komunikazio ez-bortitzari buruzko euskarazko libururik.

Helduentzat ere balio du Rosenbergen ereduak.

Bai, politikan aplika daiteke, kartzeletan, enpresetan... Rosenbergek ikaragarrizko lana egin zuen nazioarteko gatazketan. Berak eredua ez zuen sortu propio umeei eta gurasoei begira.

Posible al da komunikazio ez-bortitza %100ean?

Une oro dugu aukera eredu honek esaten duenari jarraitzeko, baina ez da erreala une oro jarraitzea. Eredu honek ez du bilatzen une oro konektatuta egotea edo ez bortizki aritzea; zera da garrantzitsuagoa: gustatuko litzaigukeen moduan jokatzen ez dugunean, komunikazio ez-bortitzak asko lagundu gaitzakeela geure burua ulertzen eta onartzen, hortik abiatuta eboluzionatzeko.

Honako lotura honetan irakur daiteke Eider Goenaga Gipuzkoako Hitzako kazetariak Nerea Mendizabali egindako elkarrizketa osoa.