Lan istripuak saihesteko "borondate politikoa" exijitu diete erakundeei

Uztarria.eus | Ekonomia
2019ko mai. 22a, 13:38

Asteleheneko bi lan heriotzak –Urrestillakoa zen Zestoan hil zen behargina– salatzeko elkarretaratzea egin dute eguerdian Azpeitiko plazan, gehiengo sindikalak deituta, eta "langileen bizitzaren alde" neurri eraginkorragoak martxan jar ditzatela eskatu die erakundeei. Arratsaldean, 19:00etan, beste elkarretaratze bat egingo dute, herriko zazpi eragilek deituta.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deituta, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin dute gaur, asteazkena, plazan, joan zen asteleheneko bi lan heriotzak –Urrestillakoa zen Zestoan hil zen behargina– salatzeko. Kontzentrazioa Istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea lelopean egin dute, eta bertan izan dira, besteak beste, hil zen langilearen alarguna eta senideak; baita hainbat udal ordezkari ere.

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkari banak hartu dute hitza mobilizazioan, eta ELAk azpimarratu du lan istripuak "inoiz" ez direla kasualitatea izaten; hain zuzen ere, laneko ezbeharrak segurtasun neurriak ez betetzeagatik gertatzen direla esan du Izaro Mujika sindikatu horretako Lan Osasuneko arduradunak, eta ELAk dei berezia egin die erakundeei beste behin, langileen segurtasuna bermatzeko "baliabide ekonomikoak" jar ditzaten eta arazoari irtenbidea emateko "borondate politikoa" izan dezaten.

LAB sindikatuko Urola Kostako arduradun Aiotz Aiestaranek ere ildo beretik hitz egin du, eta hark langileekin lerrokatzeko eta "langileen bizitzaren alde" lan egiteko eskatu die erakundeei. LAB sindikatuak ere, lan istripuak saihesteko neurri "zehatzagoak eta eraginkorragoak" hartzea eskatu dio administrazioari.

"Astelehen beltza" gisa definitu dute sindikatuek herenegungoa. Izan ere, bi lan heriotza izan ziren egun horretan; bata Zestoan, eta bestea Zarautzen. Urrestillako bizilaguna zen Aizarnako pinudi batean lanean ari zela hil zen 50 urteko gizonezkoa. Zuhaitz bat gainera erori ondoren zendu zen behargina, istripuaren unean bertan. Zarautzen ere beste behargin bat hil zen egun horretan, garabi baten gainean lanean ari zela ibilgailua behera erorita. Beste langile bat ere zauritu zen istripu hartan.

Beste elkarretaratze bat

Bestalde, arratsaldean beste elkarretaratze bat deitu dute lan istripuak salatzeko. Prekarietateak hil egiten du. Bizitza duinak herritarrontzat lelopean, 19:00etarako jarriko dute hitzordua herriko plazan, CNT, ELA eta LAB sindikatuak, Sortu alderdiak, Elkar-ekin eta Ernai taldeek eta Azpeitiko Gaztetxeak.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu