DesBandadas taldea, Argentinatik Azpeitira

Uztarria.eus 2019ko mai. 23a, 12:02

DesBandadas batukada feministako kideak Azpeitian izango dira zapatuan. Sanagustin kulturgunean eskainiko dute emanaldia, 20:00etan hasita, eta sarrera doakoa izango da. Bahia Blanca hirian sortutako taldea da, eta hainbat emakume igoko da agertokira askotariko erritmoak eta biolentziaren nahiz matxismoaren kontrako aldarrikapenak zabaltzera.

DesBandadas Bahia Blanca (Buenos Aires, Argentina) hiriko batukada talde feministak Azpeitian egingo du geldialdia zapatuuan. Maiatzean Euskal Herrian barrena egiten ari diren birako azken kontzertua izango da taldekideek herrian eskainiko dutena; 20:00etan hasiko da emanaldia Sanagustin kulturgunean, eta sarrera doakoa izango da. Azpeitira iritsi aurretik Elorrion, Berrizen, Astigarragan, Maeztun, Gasteizen, Durangon nahiz Bilbon izan da taldea. Ondoren, Kantabriara eta Asturiasera joango da taldea.

DesBandadas taldea 2018an sortu zuten Argentinako hainbat emakumek. Ahotsak, danborrak eta kaleko mugimenduak dira taldearen ezaugarri nagusienak. Gainera, taldeko emakumeek adierazpenaren ahalduntzearen bidez lantzen dute feminismoa, eta biolentziaren eta matxismoaren aurkako askotariko aldarriak zabaltzen dituzten beren mezuetan.

Taldean aurten kaleratu du estudioko lehen lana, DesBandadas, una cronica musical feminista izenburupean, eta hain zuzen ere, disko horretan jasotako hainbat doinu eta erritmo entzun ahal izango dira Azpeitiko kontzertuan. Lan horretan ere oso presente izan du taldeak neskatoek eta emakumeek matxismoarengandik jasaten dituzten biolentzia mota guztiak. Gainera, DesBandadasek grabatu duen kantetako bat nabarmendu du: Silvia Palumbo bakarlariak sortutako Ni una menos, hain zuzen ere. Hamabi abestirekin osatu dute lehen diskoa batukada taldeko kideek.