Merkataritza eta lehen sektorea indartzeko dirulaguntzak, abian

Uztarria.eus 2019ko mai. 21a, 18:14
Estitxu Elduaien eta Agustin Lizarralde merkataritza eta lehen sektoreko dirulaguntzen aurkezpenean.

Azpeitiko Udalak merkataritza eta lehen sektorea sustatzeko dirulaguntza lerroa jarri du martxan. Orain arteko laguntzekin alderatuta, hainbat aldaketa egin du Udalak merkatarien eskaerak eta beharrak zeintzuk diren ikusita. Dirulaguntza eskaerak Herritarren Arreta Zerbitzuan egin daitezke, irailaren 30era arte.

Orain arte, Sustapen Ekonomikoaren barruan ematen zituen Azpeitiko Udalak merkataritza eta lehen sektorea sustatzeko dirulaguntzak, baina Bertan merkatari elkartearekin eta Dendartean Gipuzkoako merkatari elkartearekin Sustapen Planaren inguruko hausnarketa egin ostean, bi sektore horiek sustatzeko dirulaguntza lerro bat abian jartzean erabaki du Udalak. Estitxu Elduaien Ogasuneko eta Langileriako batzordeburuak azaldu duenez, Udalak azken urteetan lan "handia" egin du bi elkarte horiekin elkarlanean, bertako merkatarien egoera aldatzeko. Hark azaldu du, hainbat faktore medio, merkatari txikiak "kinka larrian" daudela, eta dendari txikiak mantentzea eta sustatzea Udalarentzat "lehentasunezkoa" dela; hori dela eta, merkataritza eta lehen sektoreko laguntzek "izaera propioa" behar zutela adierazi du Elduaienek.

Berrikuntza gehien merkataritzaren alorrean izango dira, lehen sektoreko dirulaguntzak aurreko urteko Sustapen Planean izandako berdinak izango baitira. Merkataritzako dirulaguntzak merkatari txikien "eskaeretara eta beharretara" egokitu dituztela adierazi du Elduaienek, eta aurreko urteko dirulaguntzekin alderatuta, hainbat aldaketa egin dute; batetik, orain arte Alde Zaharrean negozio bat irekitzeko Udalak ematen zuen laguntza herri osora zabaldu da orain; bestetik, orain arte Sustapen Planaren barruan merkataritza eta lehen sektorea indartzeko ematen ziren dirulaguntzak baino kopuru handiagoa emango dute orain, guztira, 100.000 euroko dirulaguntza izango da; azkenik, negozio azterketak egiteko laguntzak emango ditu Udalak, eta Elduaienek azaldu du aurrerantzean merkatariei webguneak egiteko laguntzak ere emango dizkietela.

Laguntza lerroak

Agustin Lizarraldek, Udaleko Ekonomia batzordeburuak, merkataritza sektoreko laguntza lerroak zeintzuk izango diren azaldu du. Batetik, lana aurkitzeko erraztasuna "hobetzeko" aldi baterako kontratuak nahiz kontratu mugagabeak "bultzatzeko" laguntza emango du Udalak; bestetik, merkataritza arloko lehiakortasuna eta lehen sektorea sustatzeko ekintzak diruz lagunduko ditu Udalak, tartean, lehen sektoreko herriko produktuen kontsumoa bultzatzeko eta saltokien behar berrietara egokitzeko laguntza emango dute; lehenengo sektorea ezarri, eraberritu eta finkatzeko ere laguntzak izango dira; halaber, merkataritzako edo lehen sektoreko jarduerak ezartzeko eta bi sektore horiek aurrera ateratzeko lokalak alokatzeko laguntza izango da; eta azkenik, merkatariek negozio azterketa egin dezaten lagunduko dute.

Merkataritza eta lehen sektoreko dirulaguntzak eskatzeko epea irailaren 30ean amaituko da, eta eskaerak udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkeztu beharko dira. Dirulaguntzen xehetasunen berri gehiago jakin nahi duenak, azpeitiaberritzen@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 943-15 71 83 telefonora deitu beharko du.