Markel Olanok Azoka Plaza eta Basazabal jauregia bisitatu ditu

Uztarria.eus 2019ko mai. 21a, 17:15

Azpeitian izan da gaur eguerdian Markel Olano, Gipuzkoako egungo ahaldun nagusia eta kargu bererako datorren agintaldirako EAJren hautagaia. Amaia Etxeberria EAJko alkategaiarekin batera astearteroko azoka bisitatu du, eta Azoka Plazan eta Elikagunean ere izan da. Ogia erosi du azokan, eta ondoren, Basazabal jauregira joan da, hainbat alderdikiderekin batera. Besteak beste, ondoan izan ditu Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria, Jose Mari Bastida Azpeitiko alkate ohia eta Uri Buru Batzarreko hainbat ordezkari.

Olanok azpimarratu du bereziki herri "kutuna" dela harentzat Azpeitia, amona Aratzerrekakoa zuelako. Azokan gustura ibili dela nabarmendu du, eta Basazabal jauregia "benetan harrigarria" iruditu zaiola esan du. "Ez nuen ezagutzen jauregia, eta ikusi besterik ez dago Gipuzkoak zer ondare daukan. Askotan, kostaldean ibili ohi dira turistak, eta nik garbi daukat kanpoko jendeari  barnealdea eta barnealdean dauden altxorrak erakutsi behar zaizkiola. Altxor horietako bat da hau, baina beste asko ere badauzkagu, eta helburu nagusia izango da horiek denak balioan jartzea, bai herriarentzako, baita Gipuzkoa eta Euskal Herri osoarentzako ere".