Hamar egun barru bukatuko da Euskal Antzerki Topaketetarako kartelak aurkezteko epea

Uztarria.eus 2019ko mai. 21a, 12:31
Iazko kartel irabazlea.

Udaletxera aurkeztu behar dira lanak, eta sortzaile bakoitzak, gehienez, hiru kartel aurkeztu ahal izango ditu. Udalak uztailean emango du saridunaren berri. Irabazleak 900 euroko diru saria jasoko du.

Udalak martxan jarri du aurten ere XXXVII. Euskal Antzerki Topaketetarako kartel lehiaketa, eta herritarrek hilaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dituzte lanak. Hain zuzen ere, gaurtik aurrera, hamar egun dituzte herritarrek lanak aurkezteko. Azpeitiko udaletxean aurkeztu beharko dituzte sortzaileek kartelak, eta irabazleak 900 euroko diru saria eskuratuko du. Kartel guztiak ikusgai jarriko dituzte ekainaren 7tik 16ra Betharrametako erakusketa aretoan, eta epaimahaiak uztailean jakinaraziko du saridunaren izena.

Honako hauek dira lehiaketaren oinarriak:

  1. Nahi duen edonork har dezake parte. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkez ditzake.
  2. Lan horiek edozein teknika edo material erabiliz egin daitezke.
  3. Kartelek, nahi eta nahi ez, argitaragabeak izan beharko dute. Hau da, norberak sortutakoak eta lanaren egileak izango du erantzukizun osoa baldintza hau ez betetzearen ondorioz gerora gerta daitekeen edozein erreklamazioren aurrean.
  4. Lanak ondorengo neurrietan aurkeztu beharko dira: 450 mm x 680 mm (zabalera bider altuera).
  5. Lehiaketara aurkeztuko diren kartelek, nahi eta nahi ez, edizio bakoitzari dagokion izenburua eraman beharko dute goiburuan. Kasu honetan, Azpeitia, XXXVII. EUSKAL ANTZERKI TOPAKETAK, 2018ko UDAZKENA.
  6. Lanak sinatu gabe aurkeztu beharko dira eta aparteko kartazal batean jarriko dira egilearen datu hauek: jaiotze data; NAN; herria; helbidea; e-posta helbidea; eta telefonoa.
  7. Epaimahaia Azpeitiko Udalak izendatuko du.
  8. Kartel irabazlea bakarrik sarituko da eta 900 euro jasoko ditu.
  9. Saririk lortzen ez duten lanak, epaimahaiak bere erabakia eman ondoreneko hilabeteko epean jaso beharko dira. Epe hori igarotakoan lana ez baldin bada jaso, egileak kartela Azpeitiko Udalaren esku uzten duela ulertuko da.
  10. Saria hutsik gera daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako lanek ez balute behar adinako kalitate edo baliorik.
  11. Saria, edizio bakoitzaren amaiera ekitaldian emango zaio kartel irabazlearen egileari.
  12. Saritutako lana Azpeitiko Udalaren jabetzako geldituko da eta honek Antzerki Topaketetako edizio bakoitzaren garapena sustatzeko nahi duen edo egoki iritzitako erabilera eman ahal izango dio, kartel irabazlea bihurtuko baita edizio bakoitzaren sustapenerako oinarrizko ardatz.
  13. Sarituak izan ala ez, lehiaketara aurkeztutako lan guztiak jendaurrean jarriko dira Azpeitian, Udalaren Kultura sailak antolatuko duen erakusketa batean, deialdiaren epea amaitu ondoren eta epaimahaiak bere erabakia eman aurretik.
  14. Ez dira onartuko oinarri hauek betetzen ez dituzten edo baldintza hauetara egokitzen ez diren lanak.
  15. Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzen direla adierazi nahi du.
  16. Epaimahaiak erabakiko ditu oinarri hauetan agertzen ez diren arazo guztiak eta honen erabakia apelaezina izango da.