Elkarretaratzea egingo dute etzi, Urrestillako bizilagunaren lan heriotza salatzeko

Uztarria.eus 2019ko mai. 20a, 20:33

Gehiengo sindikalak deituta, 12:30ean elkartuko dira herriko plazan, eta Aizarnako lan istripua ez ezik, Zarauzkoa ere salatuko dute.

Aizarnako pinudi batean lanean ari zen Urrestillako bizilagunaren heriotza salatzeko, gehiengo sindikalak elkarretaratzea deitu du asteazkenerako. 12:30ean bilduko dira Azpeitiko plazan, eta Zestoako istripua ez ezik, Zarauzko lan istripu larria ere gaitzetsiko dute protesta horretan. Izan ere, Zarauzko Añorbe auzoan behargin bat hil da gaur eguerdian, lanean zebilen garabia 30 metroko altueratik erori ondoren.

Haitz Beltz enpresako langilea zen 50 urteko Urrestillako bizilaguna. Santa Engrazia inguruko pinudi batean lanean ari zen gizonezkoa, eta zuhaitz bat gainera erorita zendu da behargina. Ertzaintzak 09:45 inguruan jaso du ezbeharraren abisua, baina larrialdi zerbitzuek ezin izan dute ezer egin langilea suspertzeko. Istripua argitzeko ikerketa irekita du Osalanek.

Lan heriotza salatzeko eta hildakoaren familiari elkartasuna adierazteko erreakzioak berehalakoak izan dira. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, esaterako, doluminak helarazi dizkie senideei, eta gertaera salatu du: "Guretzat ez da lan istripu bat, bizitzak lehentasuna duen kasuak ez direlako istripuak izaten". Azpeitiko EAJk ere doluminak agertu dizkie zendu den beharginaren senideei eta lagunei.

LAB sindikatuak, berriz, gogorarazi du aurten, gutxienez, hemezortzi lagun hil direla istripuz Euskal Herrian. "Aurten sektore horretan eta antzeko egoeran izan den bigarren heriotza da Zestoakoa. Ez da posible ezaugarri berak dituzten istripuak gertatzea urtero; ez dituzte eraginkorrak diren neurriak hartzen. Noiz hartuko dituzte benetako neurriak? Eta noiz hartuko dituzte segurtasuna eta langileak lehenetsiko dituzten neurri eraginkorrak?". LABek basogintzan lanean aritzen diren enpresei "kontrol jarraia, zehatza eta zorrotza" egiteko eskatu dio Osalani. Izan ere, sindikatuaren arabera, istripuak lan baldintzek eta ekoizpen ereduak eragiten dituzte.

Elkar-ekin taldeak ere elkartasuna adierazi die gaur lan istripuan hil diren bi pertsonen gertukoei, eta taldeak azpimarratu du "berez gordina den prekarietatea" areagotu egiten dela pertsona migranteen kasuan. ELA sindikatuak ere prekarietatea izan du jomugan: "Lan erritmo jasanezinak, lan jardunaldi amaigabeak eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio arauei muzin egitea ohiko egoera eta praktikak bilakatu dira". Egoeraren larritasuna aintzat hartuta, honako mezu hau zabaldu du ELAk: "Alde batetik, prebentzio neurriak betetzen direla ziurtatzeko jarraipen zorrotza egitea exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari; eta bestetik, langile askoren heriotza eragin duen prekarietateari aurre egiteko antolatzera deitzen ditugu langileak".