Euria goian-behean eginagatik, hainbat lagunek ospatu dute Txalintxoko Eguna

Uztarria.eus 2019ko mai. 20a, 17:15

Eguraldi oso euritsua egin zuen atzo, igandea, baina hala eta guztiz, 24 lagun joan ziren Txalintxo mendira, Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako ibilaldian parte hartuta. 09:00etan abiatu ziren plazatik, eta berez, hiru orduko ibilaldia egiteko asmoa bazuten ere, euria tarteko, zuzenean Txalintxora joan ziren, Loiola ingurutik gora. Hotzari aurre egiteko, gailurrera iristean, salda dastatu ahal izan zuten txangoan parte hartu zutenek.

Txalintxoko Egunean egindako ibilaldia izan da Lagun Onak MBk antolatutako Mendi Asteko lehen ekintza, eta datozen egunetan beste hainbat jarduera egingo dituzte. Hona hemen egitaraua:

Bihar, asteartea

-21:00. Iker Karreraren hitzaldia, Soreasu antzokian.

Maiatzak 22, asteazkena

-21:00. Nun dago nun?, Mikel Diezen eta Xabier Urrateren eskutik, Lagun Onak MBren egoitzan.

Maiatzak 23, osteguna

-21:00. Menditour jaialdia, Soreasu antzokian.

Maiatzak 26, igandea (Xoxoteko Eguna)

-09:00. Enparantza nagusitik Xoxotera irteera.

Egun guztian zehar. Erromeria.