Urrestillako langile bat hil da Aizarnan, pinudi batean lanean ari zela

Uztarria.eus 2019ko mai. 20a, 15:09
Istripua gertatu den baso ingurua.

Zuhaitz bat gainera erorita zendu da 50 urteko behargina, Santa Engrazia inguruan. Haitz Beltz enpresako langilea zen gizona, eta istripuaren unean bertan hil da larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez. ELAk eta LABek gertaera salatu dute.

Azpeitiko Udalak Uztarria.eus-i baieztatu dionez, Urrestillako bizilaguna da gaur goizean Aizarnako pinudi batean lanean ari zela hil den 50 urteko gizona. Zuhaitz bat gainera erorita zendu da behargina, Santa Engrazia inguruan. Haitz Beltz enpresako langilea zen gizona, eta istripuaren unean bertan hil da larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez. Ertzaintzak adierazi duenez, 09:45 aldean jaso dute ezbeharraren abisua SOS Deiaken, eta larrialdi zerbitzuak, suhiltzaileak nahiz Ertzaintzaren helikoptero bat bertaratu dira ezbeharraren tokira, baina ezin izan dute ezer egin langilea suspertzeko. Osalanek istripua argitzeko ikerketa zabaldu du.

Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak doluminak eman eta babesa agertu dizkie hildako gizonaren familiakoei, EH Bilduko hainbat kiderekin batera egin duen agerraldiaren aurretik. Gainera, hark gertaera salatu du: "Guretzat ez da lan istripu bat, bizitzak lehentasuna duen kasuak ez direlako istripuak izaten". Azpeitiko EAJk ere doluminak agertu dizkie zendu den beharginaren senideei eta lagunei.

Salaketa mezuak

LAB eta ELA sindikatuek babesa eta elkartasuna adierazi dizkiete hildako gizonaren familiakoei eta gertukoei. LAB sindikatuak gogorarazi du aurten, gutxienez, 18 lagun hil direla lan istripuz –Zarautzen beste behargin bat hil da gaur arratsaldean–: "Aurten sektore horretan eta antzeko egoeran izan den bigarren heriotza da Zestoakoa. Ez da posible ezaugarri berak dituzten istripuak gertatzea urtero; ez dituzte eraginkorrak diren neurriak hartzen. Noiz hartuko dituzte benetako neurriak? Eta noiz hartuko dituzte segurtasuna eta langileak lehenetsiko dituzten neurri eraginkorrak?". LABek basogintzan lanean aritzen diren enpresei kontrol jarraia, zehatza eta zorrotza egiteko eskatu dio Osalani. Izan ere, sindikatuaren arabera, istripuak lan baldintzek eta ekoizpen ereduak eragiten dituzte.

ELA sindikatuak langileek jasan behar duten prekarietatea saladu du: "Lan erritmo jasanezinak, lan jardunaldi amaigabeak eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio arauei muzin egitea ohiko egoera eta praktikak bilakatu dira". Egoeraren larritasuna aintzat hartuta, honako mezu hau zabaldu du ELAk: "Alde batetik, prebentzio neurriak betetzen direla ziurtatzeko jarraipen zorrotza egitea exijitzen dio Eusko Jaurlaritzari; eta bestetik, langile askoren heriotza eragin duen prekarietateari aurre egiteko antolatzera deitzen ditu langileak".