Jokin Urangak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako txartela eskuratu du

Uztarria.eus 2019ko mai. 20a, 12:12
Jokin Uranga atzoko saioan. (Bizkaie!)

Errezilen jokatutako saioa irabazi zuen Urangak atzo, 333,5 puntu lortuta. Ikusteko dago Jon Gurrutxagak lortuko al duen txapelketarako pasea. Oier Etxeberriak, berriz, zapatuan izango du sailkapen faseko kanporaketa. Iker Letamendia, Imanol Albizu eta Urko Egaña txapelketatik kanpo gelditu dira.

Aurrera doa Gipuzkoa Bertsotan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea. Atzo, igandea, izan zen Errezilgo saioa, eta Jokin Uranga azpeitiarra nagusitu zen 333,5 puntu eskuratuta. Horrenbestez, irailean hasiko den txapelketan izango da Uranga, eta ikusteko dago Jon Gurrutxaga sailkatuko al den –azken saioen zain egon beharko du–. Aldiz, txapelketatik kanpo gelditu dira dagoeneko Iker Letamendia, Imanol Albizu eta Urko Egaña.

Datorren asteburuan jokatuko dituzten bi saioekin bukatuko da txapelketaren atarikoa. Azken bi saioak zapatuan izango dira, Bergaran eta Donostian, eta Oier Etxeberria azpeitiarrak Donostiako saioan izango du txapelketara sailkatzeko aukera. Guztira, 84 bertsolari ari dira lehian, eta horietatik 34 sailkatuko dira txapelketara.

Beñat Lizaso txapelketan sartuko da irailean, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan egindako lana tarteko –final laurdenetara iritsi zen azpeitiarra–.