Aizpurutxotik Loiolara, errefuxiatuen eta migratzaileen alde

Uztarria.eus 2019ko mai. 19a, 20:33

150 bat lagunek oinez lotu dituzte gaur Aizpurutxo eta Loiola, Hospitalitatearen Bideak egitasmoaren bigarren edizioan. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako Jesusen Lagundiaren erakundeek sustatutako egitasmoarekin, errefuxiatuen eta migratzaileen eskubideak eta haiei "harrera abegikorra" egitearen garrantzia aldarrikatu dituzte, bigarren urtez jarraian. Eguraldi txarra ikusita, hamar kilometroko ibilaldia bertan behera uztekotan izan direla aitortu dute antolatzaileek, baina egitea erabaki dute azkenean eta pozik agertu dira jendearen erantzunarekin.

Loiolan, martxaren helburuei lotutako manifestua irakurri dute. Aurten, Hospitalitatearen Bideak egitasmoak bat egin du Errefuxiatuentzako Europako Jesuiten Zerbitzuak (JRS Europe) abiarazi duen #ThePowerOfVote kanpainarekin; gaur zortzi, maiatzaren 26an, egingo diren Europako Parlamenturako hauteskundeetan botoa ematera deitu nahi dituzte herritarrak, "jatorrizko balioak leialki beteko dituen Europa baten alde: berdintasunean, duintasunean, askatasunean eta babesean oinarritutako Europa bat". Kanpaina horren mezua ere irudikatu nahi izan dute gaur Loiolan. Horrela, boto kutxa bat jarri dute basilikaren eskailera barrenean, eta martxan parte hartu dutenek zein Loiolan zain zituztenek banan-banan sartu dituzte bozak kutxan; tartean, Eneko Etxeberria alkateak.