Mikel Larrañaga zuzenean sailkatu da Urrezko Aizkolarien Banakako finalerako

Uztarria.eus 2019ko mai. 18a, 20:37
Mikel Larrañaga.

Azpeitiarrak nagusitasun osoz irabazi du gaur Gasteizen jokatutako lehen finalaurrekoa, Saralegiren eta Atutxaren aurretik. Bihar jokatuko dute bigarren finalaurrekoa, Navaridasen; hango irabazlea ere finalean izango da, eta hirugarren finalista bi finalaurrekoetako bigarren sailkatuen artetik aterako da. Finala Azpeitian jokatuko da, ekainaren 7an.

Urrezko Aizkolarien Banakako finalean lehiatuko da aurten ere Mikel Larrañaga. Gaur eguerdian jokatu da, Gasteizko Matxete plazan, txapelketaren lehen finalaurrekoa, eta azpeitiarra nagusitasun osoz gailendu zaie Ruben Saralegiri eta Aitzol Atutxa Atutxa II.ari: hiru minututik gorako aldea atera dio Larrañagak Saralegiri, eta lautik gorakoa, berriz, Atutxari. Gaurko irabazleak, bihar Navaridasen (Araba) jokatuko den bigarren finalaurrekoaren irabazleak bezala, ziurtatua zuen finalean sartzea. Beraz, Azpeitiko aizkolariarentzat izan da finalerako jokoan dauden hiru txarteletatik lehendabizikoa.

Bihar, Iker Vicentek, Jon Rekondok edo Julen Alberdi Txikia IV.ak lortuko dute bigarrena, hiru horiek baitira bigarren finalaurrekoaren protagonistak. Finaleko hirugarren eta azken txartela, berriz, bi finalaurrekoetako bigarren sailkatuen arteko lehiatik aterako da; Saralegi, gaur bigarren sailkatuta, izango da lehia horretako protagonistetako bat.

2019ko Urrezko Aizkolarien Banakako finala Azpeitian jokatuko dute, ekainaren 7an, Izarraitz pilotalekuan. Iaz ere finalean izan zen Larrañaga, orduan ere etxean aritu zen, baina Iker Vicentek jantzi zuen txapela orduko hartan