Eritz Unanuek eta Ander Agirrek irabazi dute Sare Eguneko paella lehiaketa

Uztarria.eus 2019ko mai. 18a, 17:33

25 bikotek parte hartu dute gaur Sare Eguneko paella lehiaketan. Era askotara prestatu dituzte paellak parte hartzaileek: itsaskiekin, arrainarekin, barazkiekin, haragiarekin... 13:30 aldera hasi dira sukalde lanetan, plazan jarrita zeuden mahai eta suetan. Lanak bukatzen batzuk azkarrago ibili dira beste batzuk baino, eta jakiak egin bitartean, batzuek pintxoak ere prestatuta zituzten bitartean jateko: antxoarenak, txorizoarenak... Parte hartzaileak lanean ari ziren bitartean, jende asko ibili da mahaien bueltan sukaldarien lanak ikusten, baita gomendioak ematen ere.

Azoka Plazan egin duten bazkariaren ondoren jakinarazi dituzte paella txapelketako irabazleak Azpeitiko Sarekoek. Eritz Unanuek eta Ander Agirrek prestatutakoa izan da irabazlea. Hauek txibikiekin eta txibien tintarekin prestatu dute paella. Sare Eguneko aurtengo bazkarian 300 lagun bildu dira.