Azken urteotan "herri berri bat" egin duela nabarmendu du EH Bilduk Azpeitiko ekitaldi nagusian

Uztarria.eus 2019ko mai. 18a, 11:09

EH Bilduk kanpainako ekitaldi nagusia egin zuen atzo, ostirala, Frontoi Txikian. Bertan izan ziren Nagore Alkorta Azpeitiko alkategaia, Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako Foru Aldundirako ahaldungai nagusia eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia. Horrez gain, Felipe Murillo musikariak eta Xabi Borda idazleak musikaz eta poesiaz jantzi zuten saioa. Herritar ugari bertaratu zen ekitaldira, eta bete egin zen pilotalekua.

Alkorta oso hunkituta azaldu zen atzoko ekitaldian, eta hasteko, ekitaldian falta zirenak, euskal presoak, izan zituen gogoan. Segidan, etorkizunari begira jarri zen: "Guk etorkizunari begiratu nahi diogu, badugu indarra aurrerantz jarraitzeko, gure herriaz eta herritarren bizitzaz ari garelako", adierazi zuen. Azken zortzi urteetan eginiko lanaren erreleboa hartu nahi luketela adierazi zuen, eta azken urteetan udalgintzan aritu direnei aitortza egin zien: "Zortzi urte hauetan oso lan ona egin da udaletik, gogor eta serio. Hemendik aurrera ere hala egin beharko dugu, baina guk ez diogu beldurrik lanari. Ez egin zalantzarik esfortzu guztia jarriko dugula horretan".

Era berean, alkategaiak eskerrak eman zizkien ondoan zituen beste hemeretzi hautagaiei, proiektuaren alde egin duten "apustuagatik". Hautagaiei, EH Bilduren baitan lan egiten duten pertsonei eta herritarrei zuzendu zen, hunkituta: "Momentu hau oso emozionantea da. Benetan eskertzen dut egun hauetan sentitzen ari naizen babesa, gertutasuna eta animoak".

Azpeitiak azken urteetan eginiko aurrerapausoak nabarmendu nahi izan zituen alkategaiak: "Azpeitia berri bat egin dugu, hemen dago, guk ekarrita. Argi eta garbi esan dezakegu gurea ez dela esperimentu bat, kontrastatutako lan egiteko modua da. Badakigu gauzak egiten, arriskatzen eta aurrera egiten. Horrela jarraituko dugu". Alkortak gogorarazi zuen "asko" dagoela jokoan maiatzaren 26an: "Iraganeko lan egiteko moduarekin gelditzea edo aurrera egitea aukeratu behar dugu. Orain arte lorturikoa ezin dugu jarri arriskuan, politika aurrerakoietan sakontzeko garaia da". Horrela, hizpide izan zituen emakume eta gizonen arteko berdintasuna, adinekoek behar dituzten zerbitzuak, ekonomia sustatzea, etxebizitza politika sozialetan sakontzea eta ingurumena zaintzea, besteak beste, bere konpromisoen artean.

"Herritarrekin eraikitako herria"

Juan Karlos Izagirrek zorionak eman zizkien Eneko Etxeberriari eta harekin lanean aritu diren zinegotziei. Haren ustez, Azpeitia "herritarrekin eraikitako herria da", eta Azpeitian erakutsi dute EH Bilduk herritarrak jartzen dituela erdigunean. "Oso pozik nago Estitxu Elduaien Azpeitiko zinegotzia ondoan izango dudalako Batzar Nagusietan, eta hori ez da kasualitatea", esan zuen. Izagirrek itxaropentsu begiratu zion etorkizunari, eta adierazi zuen Gipuzkoan irabazteko aukera errealak sumatzen dituela: "Niretzat inkestarik onena jendearekin egotea da. Gaur Azpeitira etortzea eta zuek horrela ikustea da inkesta onena". Aldunditik berdintasun neurriak sustatzeko konpromisoa hartu zuen, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egitekoa, aberastasuna ondo banatzekoa, gazteei begira aritzekoa; "herri justu baten aldeko konpromisoa".

Bestalde, Arnaldo Otegik umorez hasi zuen hitzartzea. "Azpeitira etorri, eta gazteak amuarrainak arrantzatzen ikusi ditut. Elgoibarren ez dut ikusten horrelakorik; agian, izango da EAJ dagoelako Udal Gobernuan, eta beraiek badirelako nahikoa amuarrain". Jarraian, EH Bildu korrupziorik gabeko alderdia dela nabarmendu zuen, eta Gipuzkoako "gehiengo abertzaleari eta aurrerakoiari" dei egin zion hautes-ontziak EH Bilduko botoekin betetzeko. Gipuzkoan abertzaleen eta aurrerakoien elkarlana egoteko "berme bakarra" EH Bilduren garaipena dela adierazi zuen Otegik.

Aitortza unea

Omenaldietarako tarterik ere izan zen atzokoan. Nagore Alkorta alkategaiaren eta azken urteetan bidelagun izan dituzten zinegotzien eskutik aitortza beroa jaso zuten udalgintzako zikloa bukatu duten hautetsiek: Ainhoa Beristainek, Leire Etxanizek, Mikel Ibarzabalek, Estitxu Elduaienek eta Eneko Etxeberriak. Oroigarri bana eman zieten, eta haiek Azpeitiaren eta azpeitiarren alde eginiko lana goraipatu zuten. Etxeberriak goxotasuna eta maitasuna izan zituen hizpide: "Goxotasuna eta herritarrak zaintzea aldarrikatu nahiko nuke, herriak maitatuz egiten dira, alde dauden edo ez dauden herritarrak maitatuz eta zainduz. Hori da bidea".