Areto dantzen txapelketa jokatuko dute bihar Soreasu antzokian

Uztarria.eus 2019ko mai. 17a, 19:48
Jose Mari Orbegozoren areto dantzen ikuskizuneko artxiboko irudi bat.

Areto dantzen eta dantza latinoen Euskal Herriko txapelketa jokatuko dute bihar, larunbata, Soreasu antzokian. 17:00etan hasiko da ikuskizuna, eta adin ezberdinetako 90 bikotek parte hartuko dute bertan.

Areto dantzen eta dantza latinoen Euskal Herriko txapelketa jokatuko dute bihar, larunbata, Soreasu antzokian. Bertan parte hartzen duten dantzariek Espainiako txapelketarako nahiz Europako lehiarako txartelak eskuratu ahal izango dituzte.

Jose Mari Orbegozok eta haren dantza akademiak –Dantzaki– antolatu dute lehiaketa, eta guztira, adin ezberdinetako 90 bikotek parte hartuko dute bertan, maila ezberdinetan banatuta: 14-18 urte bitartekoak, 18-30 urte bitartekoak, 30-50 urte bitartekoak, 50-60 urte bitartekoak, 60-68 urte bitartekoak eta 68 urtetik gorakoak ariko dira dantzan. Hainbat motatako dantzak egin beharko dituzte partaide guztiek: areto dantza konbinatuak, balsa, tangoa eta pasodoblea. Partaideek derrigorrez dantza guztiak egin beharko dituzte, eta amaieran, sailkapena osatzeko, ikuskizun guztien puntuak batuko ditu epaimahaiak.

Gainera, bikoteka ere eskainiko dituzte ikuskizunak, eta banaka ere ariko dira zenbait dantzari, dantza latinoak, txa-txa-txa, bachata eta salsa dantzatzen. Euskal Herriko partaideez gain, Espainiako nahiz Herrialde Katalanetako hainbat txokotatik ere etorriko dira dantzariak Azpeitira: besteak beste, Madrildik, Cacerestik, Santanderdik, Cordobatik, Bartzelonatik, Jaendik edo Meridatik. Jose Mari Orbegozoren eskolako 11 bikote lehiatuko dira modalitate ezberdinetan.

Ikuskizuna 17:00etan hasiko da, eta sarrera guztiak dagoeneko agortuta daude.