Ikasturteko azken Plazatarrak saioa egingo dute datorren ostiralean

Uztarria.eus 2019ko mai. 17a, 19:13
Plazatarrak egitasmoko saio bat. (Azpeitiko Udala)

Perretxikoan elkartu eta bizikletaz Urrestillara joango dira Plazatarrak egitasmoaren azken saioan. Datorren asteazkenera bitartean eman ahal izango da izena ibilaldian.

Datorren asteko ostiralean, maiatzak 24, Plazatarrak egitasmoaren ikasturteko azken saioa egingo dute. Perretxikoan elkartuko dira 17:30ean, eta handik bizikletaz Urrestillara joango dira; hori bai, euria egingo balu, ekintza bertan behera geratuko litzateke. Ohi bezala, HH5 eta LH6 mailen arteko haurrei eta haien gurasoei zuzendutako ekintza izango da.

Animatzen direnek dagoeneko eman dezakete izena, Gazte Informazio Bulegoan (943-15 71 60 edo gib@azpeitia.eus) edo Ludoteketan. Datorren asteazkena, maiatzak 22, izango da izena emateko azken eguna, eta ezinbestekoa izango da lau umeko arduradun batek, gutxienez, ekintzan parte hartzea.