25 bikotek parte hartuko dute Sare Eguneko paella txapelketan

Uztarria.eus | Politika
2019ko mai. 17a, 11:00

Azpeitiko Sarek dena prest du biharko Sare Egunerako. Inoiz baino bikote gehiagok parte hartuko du paella txapelketan, eta kros herrikoian dozenaka lagun apuntatu da. Bihar bertan ere izango da lasterketan izena emateko aukera.

Iazko Sare Eguneko paella txapelketako irudia.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Bihar izango da Sare Eguna, euskal presoen aldeko egitasmoa. Ohi bezala, Azpeitiko Sarek antolatu du eguna, eta hainbat ekintza prestatu dute egun osorako, presorik gabeko herria lelopean.

11:00etan, kros herrikoiarekin hasiko dira ekitaldiak. Plazan hasi eta amaituko da ibilbidea, eta guztira, 5,6 kilometro egin beharko dituzte korrikalariek. Sare Kros Herrikoiaren laugarren edizioa da aurtengoa, eta iazko ibilbide bera izango du probak. Momentuz, dozenaka lagunek eman dute izena, eta antolatzaileek azaldu dutenez, egunean bertan ere jende ugari animatu ohi da parte hartzera.

Bihar, 09:30etik 10:30era bitartean, plazan eman ahal izango da izena, hamabi euro ordainduta. Gainera, lasterkari guztiek ordu tarte horretan izango dute dortsalak jasotzeko aukera.

Helduen krosa amaitzean, 11:30ean, umeen lasterketa egingo dute. Plazan hasiko dute ibilbidea, eta doakoa izango da parte hartzea. Gainera, haurrek eta gaztetxoek ez dute probarako aurrez izenik eman beharko.

Era berean, hirugarren urtez jarraian, paella txapelketa egingo dute, plazan, 13:00etan hasita. Guztira, 25 bikotek eman dute izena lehian, eta epaimahaiak –Julen Galarraga, Mikel Otaegi eta Miren Beltran– erabakiko du zein izan den paellarik goxoena.

"Euskal jendartearen gehiengoak presoen egoera konpontzeko borondatea izateko egiten dugu lan, eta Sare Egunarekin, Azpeitiko herritarren gehiengo handi baten babesa lortu nahi dugu", azaldu du Azpeitiko Sarek. Gaur egun, bi azpeitiar daude espetxean: Gotzon Aranburu Villena espetxean (Herrialde Katalanak) dago preso, eta Josu Urbieta Pow Mont de Marsan (Frantzia) kartzelan.  

Bidali:  

Erantzunak

Txakurzarra | 2019-05-17 : 12:29

Ea arroza ez zaien pasatzen bikoteei

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu