Lau azpeitiar erremontista lehiatuko dira Berria Txapelketan

Uztarria.eus 2019ko mai. 16a, 19:10
Martxelo Otamendi 'Berria' egunkariko zuzendaria, Xabi Gonzalez Oriamendiko gerentea eta txapelketan parte hartuko duten erremontistak. (Oriamendi)

Berria egunkariak antolatutako erremonte txapelketan lau azpeitiar lehiatuko dira: Labaka, Otaegi, Agirrezabala eta Aizpuru III.a. Gaur hasiko da lehia, eta ekainaren 15ean amaituko da.

Oriamendi enpresako hamasei erremontista gaztek parte hartuko dute Berria egunkariak antolatutako txapelketan. Gaur hasi eta ekainaren 15ean amaituko da lehia. Zortzi bikotek bi taldetan banatuta jokatuko dute. A taldean, Ansa II.a-Arruarte, Juanenea-Labaka, Segurola-Zaldua eta Otaegi-Garces ariko dira; B taldean, berriz, Azpiroz-Zubiri, Goikoetxea V.a-Aizpuru III.a, Aldabe-Larrañaga eta Etxarri-Agirrezabala. Kirolarietako lau azpeitiarrak dira: hain zuzen ere, Labaka, Otaegi, Agirrezabala eta Aizpuru III.a.

Lehen fasea ligaxka bidez jokatuko dute erremontistek. Ondoren, A taldeko lehen sailkatua eta B taldeko bigarren sailkatuak elkarren aurka jokatuko dute finalerdia, eta gauza bera egingo dute B taldeko lehenak eta A taldeko bigarrenak. Finalaurrekoetan irabazten dutenek finala jokatuko dute, eta finalerdietan sartzen diren pilotariek gazte mailako sanfermin torneoa jokatzeko txartela lortuko dute.