LGTBIfobiaren aurkako mozioa onartu du Azpeitiko Udalak

Uztarria.eus 2019ko mai. 17a, 10:12

Gaur, maiatzak 17, LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Horren harira, Udalak adierazpen instituzionala onartu zuen joan den astean, aho batez, eta konpromisoa hartu zuen kolektibo horien aurkako jarrerei aurrea hartzeko neurriak bultzatzeko.

Gaur, maiatzak 17, gay, lesbiana, bisexual, transexual eta intersexualen fobiaren aurkako nazioarteko eguna da, 1990. urteko maiatzean Osasunaren Munduko Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik ezabatu zuelako. Horren harira, Azpeitiko udalbatzak mozioa onartu zuen joan zen astean egin zuen osoko bilkuran aho batez, homofobia, lesbofobia eta transfobia "ozen eta argi" gaitzesteko asmoz. Era berean, erakundeak konpromisoa hartu du kolektibo horien aurkako jarrerei aurrea hartzeko neurriak bultzatuko dituela. Era berean, kolektibo horien harrotasunaren aldeko bandera zintzilikatu dute gaur udaletxeko balkoian.

Bestalde, gaiaz sentsibilizatzeko asmoz, herriko ikastetxeetan askotariko ekintzak egingo dituzte egun osoan zehar, autoantolaketa taldeek sustatuta.

Honako hau da Udalak egindako adierazpen instituzionala:

"Maiatzaren 17an homofobia, lesbofobia eta transfobiaren aurkako nazioarteko eguna ospatuko da. Maiatzaren 17an ospatzen da, 1990 urteko maiatzaren 17an Osasunerako Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik ezabatu zuelako. Ondorioz egun hori, lesbianek, homosexualek, bisexualek eta transexualek pairatzen duten diskriminazioa salatzeko eta mundu osoan kolektibo horien eskubideak aldarrikatzeko eguna da.

Azken hamarkadetan aurrera pausu handiak eman badira ere, bazterketaren gordintasunak bere horretan dirau, eta horren adierazle dira suizidio tasa altuak, sexu gehiegikeria eta eskolako jazarpen tasa askoz altuagoak. Bazterketa edo jazarpen hori mota desberdintakoa izan daiteke, fisikoa, psikologikoa, legala, soziala, eta abar; eta horrelako ekintzatzat har daitezke, bazterkeria edo gaitzespena jasatea, irainak edota laidoak jasotzea, eraso fisikoak pairatzea, eta baita erailketa edota suizidioa eragitea ere.

Horrek eragin egiten duela haur eta nerabe LGTB ugarik egunero beren errealitatea onartzen ez duten egoeretan bizi behar izatea, eta beren familietan, eskolako ingurunean eta aisiakoan gutxiespen irekia ere bizi behar izaten dutela.

Horren aurrean Azpeitiko Udalak:

- Ozen eta argi gaitzetsi nahi ditugu LGTB+ fobia adierazpen mota guzti guztiak.

- Sentsibilizazio lan iraunkorra egiten jarraituko dugu Udaleko sail ezberdinetatik.

- Herriko ikastetxe guztiei baliabideak eskainiko dizkiegu homofobiari aurre hartzeko.

- Homofobia kasuen aurrean eskuhartzea koordinatzeko zerbitzuak indartuko ditugu, gazteengan arreta berezia jarriz.

- Maiatzaren 17an ikastetxeetan antolatuko diren ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu Azpeitiko ikasle guztiak".