Amaia Etxeberria: "Nahiko parean izango gara EH Bildu eta EAJ"

Uztarria.eus | Politika
2019ko mai. 16a, 18:31

Egun EAJren zinegotzi denak, alkategai izateko pausoa eman du. "Sorpresaz" hartu zuen proposamena, eta "ilusioz" ekingo dio agintaldi berriari, Uztarria aldizkariaren maiatzeko zenbakirako elkarrizketa honetan Anartz izagirre kazetariari azaldu dioenez.

Ez da erronka berrien aurrean kikiltzen den horietakoa Amaia Etxeberria (Azpeitia, 1970). Kostatu egin zaio erabakia hartzea, baina zinegotzi izatetik alkategai aurkezteko pausoa eman du, "lantalde osoaren babesa" izango duela badakielako. Hark jakinarazi duenez, "herriarentzat" egingo du lan EAJk, eta "elkarlanerako" aukerak ikusten ditu, herriko giroa "lasaia" delako.

Zinegotzi izan zara amaitzear den agintaldian, eta alkategai aurkeztu zara datorrenerako. Zergatik erabaki duzu pausoa ematea?

Zaila egin zait erabakitzea. Buelta asko eman dizkiot gaiari. Izan ere, beste rol bat hartu dut alkategai naizenetik, eta dena da konplikatuagoa. Agintaldi honetan zinegotzi izaterik ere ez nuen pentsatzen, eta begira; asko aldatu zait Udalaren inguruan nuen ikuspegia. Aitorrek [Gorrotxategi] eman zidan zinegotzi izateko aukera, eta orduan ere kezka izan nuen; izan ere, inoiz ez naiz izan politikan aurpegia ematekoa. Ideiak argi izan ditut, baita botoa nori eman eta nori ez ere, baina Udalean zinegotzi izateko asmorik ez neukan. Herri mailako lana egiteko pertsona apolitikoak bilatu zituen Aitorrek, eta egia esan udalgintzan badira politikarekin zerikusia duten puntu batzuk, baina Udaleko lana gehienbat herri mailakoa da. Sorpresa handia hartu dut horrekin, eta asko gustatu zait dinamika. Orain dela hamar urte dinamika desberdina zen; gaur egun, asko lasaitu da giroa eta elkarrekin lan egiteko prest gaude. Urteak aurrera doazen heinean, Azpeitiko giroa lasaiagoa da, eta horrek elkarlana errazten du. Hori guztia, atzean lantalde bat dudala eta etxeko egoera ikusita, pausoa ematea erabaki dut.

Alkategaietako bi emakumeak zarete. Alkatea emakumea izateak zer eragin izango du herrian?

Emakume batek edo gizonezko batek eman dezakeen ikuspegia desberdina da nire ustez. Izan ere, gizonezkoen edo emakumezkoen kudeatzeko moduak desberdinak dira. Emakumeok ditugun rolen ondorioz, beste lan dinamika bat daukagu. Dena den, emakumea ala gizonezkoa izan, denok nahi ditugu onurak bilatu.

Nolako zerrenda osatu duzue? Zein ezaugarri azpimarratuko zenituzke zuen hautes-zerrendatik?

Oso gustura gelditu naiz zerrendarekin, eta jende askori eskerrak eman beharrean nago. Harrituta gelditu naiz hautagaien borondatearekin, ez baita erraza zerrenda batean sartzeko prest dagoen jendea aurkitzea. Taldean denetarik dago: batzuek badute politikan ibilbidea; eta beste batzuek, ez, baina herrirako lana egiteko dela esan diegunean, baiezkoa eman digute. Bietatik izan behar da zerrendan: politikaz dakien jendea, gai batzuen inguruan jakintza duena... Saiatu gara hainbat dinamikatan dabilen jendea batzen, eta garrantzitsuena, herriarentzat lan egin nahi duen jendea batzen.

Nolakoa izan da urteotan Udalean bizi izan duzun esperientzia?

Oso ona izan da. Asko eman dit bizitakoak, eta esan dezaket jende ikusgarria dugula Udalean. EAJn lantalde oso polita dugu, eta EH Bilduko lantaldearekin harremana harmoniatsua eta errespetuzkoa izan da. Esperientzia aberasgarria izan da.

Zortzi urtez jarraian oposizioan egon da EAJ. Nolakoak izan dira azken bi agintaldiak?

Nik uste, era batera edo bestera, guztioi gustatzen zaigula agintzea. Hala ere, oposizioan egoteak baditu bere alde onak; beste ikuspuntu bat hartzen duzu eta ikasteko balio du. Badakit orain dela zortzi urte EAJrentzat oso gogorra izan zela oposizioan gelditzea. Lau urte haietako lan dinamika ez zein hain ona, EH Bilduk lanerako eta elkarlanerako aukerarik ez zuelako ematen. Hasierako bi urteak izan ziren gogorrenak, baina azken urteetan ez dut oztoporik ikusi EH Bilduren aldetik, eta batzordeetan dinamika oso ona izan dugu. Errespetua gailendu da, eta adostasunetara heldu gara. Denok ohartu gara gai zehatz batzuetan ideia desberdinak izan arren, herriarentzat ari garela lanean; hau da, ez gara ez Foru Aldundia, ez Eusko Jaurlaritza. Azpeitiarrak gara denok, Azpeitian bizi gara eta herriarentzat lan egin behar dugu.

Bukatzear den agintaldian bi alderdi egon zarete Udalean. Boto joerari erreparatuta, gauza bera gerta liteke datozen bozetan. Horrek egoera erraztu ala zaildu egiten du?

Zenbat eta talde gehiago, ikuspuntu desberdin gehiago; hori onura bat da. Azkenean, denok joaten gara itsu-itsuan geurearekin aurrera, baina garrantzitsua da beste norbaitek esatea gauzak beste era batera ere egin daitezkeela. Ikuspuntu berriak izatea beti da ona, baina halakoetan, konplikatuagoa ere egiten da adostasunera heltzea. Bi alderdirekin ondo moldatu gara, eta hemendik aurrera ere ondo moldatuko garela uste dut.

Irabazten duen alderdiak gehiengo osorik lortuko ez balu, EAJk egingo al luke akordiorik beste alderdiren batekin Udal Gobernua osatzeko?

Ez dugu momentuz horrelakorik planteatu. Azken agintaldietako ibilbidea ikusita, sorpresak egon daitezkeen arren, ez dugu aurreikusten horrelakorik izango denik. Uste dut EH Bilduren eta EAJren artean egongo dela lehia. Herritarrek ez du boto bera ematen Espainiako Gorteetarako bozetan eta udal hauteskundeetan, eta ez dugu uste herritarrek Espainiako hauteskundeetako joera errepikatuko dutenik udalekoetan.

Azken agintaldian hartutako erabakietatik, zein mantenduko zenituzke eta zein aldatu?

Hartu diren erabakiak onak izan direla uste dut, denon artean ikusi baitugu Azpeitiak zer behar dituen. Sustapen Planari buelta batzuk eman dizkiogu, eta industriaren inguruan ere hausnartu dugu. Urteen poderioz ikusi dugu zein arlotan egin ditzakegun hobekuntzak. Agintaldi honetan hartutako erabakien artean, garrantzitsuak dira Gizarte Zerbitzuetako dirulaguntzak eta alokairurakoak, eta horiek indartu egingo nituzke.

Zein dira herrirako dituzuen proiektu nagusiak?

Udalean 2025. urtera arteko Plan Estrategikoa daukagu, eta horretan oinarrituta, hainbat egokitzapen egin dugu. Guk, momentu honetan, Azpeitian ikusten dugun behar nagusia industria eremua indartzea eta hobetzea da. Azpiegitura aldetik, industria eremua oso txikia dela iruditzen zaigu, eta tristea litzateke industriak kanpora ihes egitea. Horrez gain, Gizarte Zerbitzuak nabarmenduko nituzke. Adinekoen egoitzak txikiegi gelditzen ari dira, eta horiei irtenbidea eman behar zaie. Ikusi beharko genuke Udalak Gizarte Zerbitzuetarako dituen laguntzak nahikoa diren ala ez horretarako, eta horiek hobetzerik ba al dagoen. Orain heldu beharreko gaiak bi horiek direla iruditzen zaigu. Herriko gazteek eta helduek herrian lan egin eta horiek bertan bizi daitezen nahi dugu. EAJren betiko ibilbidea hori izan da; Azpeitian lan egin, bizi eta erosi.

Industria aipatu duzu. Azpeitiko ekonomiaren motorra izan da industria, baina pisua galtzen joan da zerbitzuen mesedetan. Zer egin daiteke?

Bide azpiegiturei begiratzen badiegu, irteerak ditugu Donostiara, Elgoibarrera, Zumarragara eta abar, baina ez dira irteera egokiak. Enpresekin hitz egiten aritu gara, eta esan digute, errepideen egoera dela eta, hainbat kamioik zailtasunak dituela herrira heltzeko. Bestetik, Landeta auzoko pabiloi batzuk abandonatuta daude, eta egoera kaskarrean ere bai. Erakargarritasuna falta zaio industriagune horri, eta arazoari irtenbidea topatu behar diogu: enpresa berriak erakarri behar ditugu, kanpoan lan egiten duten herritar horiek guztiek Azpeitian lan egiteko aukera izan dezaten. Foru Aldundiarekin elkarlanean ari gara, arazoari zein irtenbide eman diezaiokegun ikusteko. Turismoari dagokionez, berriz, ez gara daukagun ondareari zukua ateratzeko gai izan, eta horrek sekulako pena ematen dit. Mugak jarrita, neurriak hartzen diren bitartean, turismoa ongietorria izango da, onura baita herriarentzat. Gure herriari zergatik ukatu behar diogu hori? Lortu behar duguna da, turismoari behar diren mugak jarrita, eraginkorra izatea herriarentzat.

Herriko langabezia tasa asko jaitsi da urteotan. Nola baloratzen duzu Udalak horri lotuta egindako kudeaketa?

Langabezia tasak beheranzko joera izatea oso pozgarria da. Dena den, ikusi beharko dugu lanean dagoen jende horren lana benetan duina den ala ez. Horrez gain, Azpeitiko herritarren langabezia tasa jaitsi den arren, aztertzekoa da jende horrek non aurkitu duen lana, esan bezala, jende askok kanpora joan behar izan baitu.

Alokairuak gero eta eskaera handiagoa du gizartean, baina herrian ia ez dago aukerarik etxea alokatzeko. Zerbait egingo al du EAJk egoera aldatzeko?

Etxebizitza sozialak indartzen jarraitu behar dugu. Orain arte, etxebizitza bat erosteko orduan eman dugu dirulaguntza, eta hor alokairurako laguntza ere sartu beharko litzateke. Etxe huts asko daudela ere badakigu, eta irtenbidea eman behar zaio kontu horri, baina ez da hain erraza. Etxe asko pribatuak dira, eta jabeak ikusi behar du kasu bakoitzean zer egin; beraz, zaila da guk zer egin dezakegun zehaztea. Adibidez, har dezakegun neurrietako bat da etxebizitza sozialak egiterakoan, batzuk alokairura bideratuta eraikitzea.

Azken udal hauteskundeetan 776 botoren aldearekin irabazi zituen bozak EH Bilduk. EAJk ba al du alkatetza lortzeko aukerarik udal hauteskunde hauetan?

Herriak aukeratu behar du. Horretan gabiltzanok esperantza izan badugu, eta hauteskundeak irabazteko ilusioa ere bai. Parte hartzen ari zarenean, garbi izan behar duzu irabaztera eta dena ematera zoazela. Dena den, badakigu ez dagoela gure gain bakarrik jendeak nori emango dion botoa. Herritarrek esan izan didate kalean: "Nire botoa baduzue". Baina ikusi egin behar. 2015eko bozetan zortzigarren zinegotzia lortzeko 28 botora gelditu ginen, eta oraingoan badut esperantza; bestela, ez nintzatekeen hemen egongo. Dakidana da talde bezala gure lana egin behar dugula, eta herriak aukeratu behar duela alderdi egokiena zein den. Oposizioan gelditzen bagara, EH Bildurekin elkarlanean jarraituko dugu; eta Udal Gobernua eskuratzen badugu, espero dut EH Bilduk ere gauza bera egingo duela. Bi alderdietako batek kudeatu beharko du Udala, eta oposizioan gelditzen den alderidiak elkarlanerako prest izan beharko du.

Zer emaitza espero dituzue?

Lasaitasun puntu bat badaukagu, giroa aldatu egin baita. Herritarrek Udalak zer lan egin duen begiratzen dute, eta nire ustez, Udalak lana txukun egin du. Badaude hobetzeko gauzak, beti egongo dira, baina ez dut uste erakundeak gauzak gaizki egin dituen sentipena dagoenik. Emaitzei dagokienez, EH Bildu eta EAJ nahiko parean izango garela uste dugu. Zazpi zinegotzi ditugu orain, eta kopuru hori mantentzea espero dugu; are gehiago, zortzi-bederatzi zinegotzi inguruan ibiliko gara. Edozer dela ere, hor jarraituko dugu, eta EH Bilduren babesa izatea espero dugu, denok bide beretik joan behar baitugu.

Zergatik eman behar diote azpeitiarrek botoa EAJri?

EAJk erakutsi du foru aldundiak, Eusko Jaurlaritza eta udal gobernuak kudeatzen badakiela. Aurrera begirako ikuspegia du EAJk, eta hori lantzen jarraituko dugu. Kudeatzeko garaian, une horretan herriak zer behar dituen begiratu behar da, baina aurrera begirako beharrak zeintzuk diren ere identifikatu behar da; izan ere, aurrera begirako perspektiba hori izan ezean, motz gelditzen da. Izan ere, lanean orain hasita ere, baliteke onurak urte batzuk beranduago ikustea. EAJk hartzen du arrisku puntu hori, baina ez gara beldurtzen. Horixe da EAJ beste alderdiengandik desberdintzen duen ezaugarri garrantzitsuenetako bat.

 

 

Motzean

Txoko bat?

Oñatz auzoa.

Asteburuko plana?

Familiarekin egotea.

Beldurra zeri?

Sugeei.

Haserretu zerk?

Injustiziak.

Eta pozten zaitu?

Ondo egindako lanak.

Zer bertute duzu?

Lanean diziplinatua naiz, eta entzuten ona.

Eta zer akats?

Pazientzia falta.

Zeurekiko egiten duzun galdera?

Nola egin dezake aurrera Azpeitiak?

Amets bat?

Herriarentzat lan ona egitea.

Nor miresten duzu?

Boluntarioak.

Politikari bat?

Aitor Esteban.

Gustuko bertutea?

Ondokoagatik ahalegintzea.

Gogaitzen zaitu?

Errespetu faltak.

Liburu bat?

El conde de montecristo.

Pelikula bat?

Misteriozko edozein.

Kanta bat?

Badira hiru aste.

Janari bat?

Entsalada.

Zer proposatzen du EAJk?

Ekonomia

  • "Industriak izan behar du gure herriko ekonomiaren ardatza, eta horretarako, Landetako eta Larringo industrialdeen garapena bultzatuko dugu Azpeitiaren garapen ekonomikoa indartzeko".
  • "Azpeitiko ekonomiaren beste oinarri sendoetako bat merkataritza txikia da, eta hori babesten jarraituko dugu".

Gizartea

  • "Adinekoek dituzten beharrei zuzendutako plan integrala osatuko dugu, azpeitiarren ongizatea bermatzeko. Zerbitzu integralak eta programa berriak sustatuko ditugu".
  • "Alde Zaharreko bizilagunentzat egoiliar txartela kaleratuko dugu, haien errealitatera egokituta. Bide beretik, Alde Zaharreko hainbat gunetan aparkaldi mugatuko aukera jartzea aztertuko dugu".

Hirigintza

  • "Herriaren garapenerako eta ongizaterako ezinbestekoa den proiektu garrantzitsua dugu saihesbidea. Herriaren erdigunean sortzen diren zirkulazio arazoak konpontzeko saihesbidearen proiektua berreskuratu eta eguneratuko dugu".

Etxebizitza

  • "Alokairuko etxebizitza sozialak bultzatzen jarraituko dugu. Gaur egungo eskaintza gizartearen errealitatera egokituko dugu, pertsona helduak eta gazteak kontuan hartuta".

Kultura

  • "Herriko kultur ondarea sustatzen jarraituko dugu, kultura gizartea sendotzeko eta saretzeko tresna indartsua delako. Soreasu kulturgunea sormen eremu bezala indartzen jarraitzea izango da gure egitasmoetako bat, herriko gainerako kultur eremuak ahaztu gabe".

Turismoa

  • "Herriko turismo dinamika sustatuko dugu, orain dauden egitasmoak indarberrituz eta berriak sortuz".

Hezkuntza

  • "Etorkizuneko gizartearen zutoinak orain eraiki behar dira, gero gizarte sendo eta indartsu bat izan dezagun. Gazteek dituzten erronkei erantzungo dien eta haien beharretara egokituko den hezkuntza sare irmoa garatuko dugu".

Kirola

  • "Kirol arloa indartzea, berritzea eta eremu horretan rol berriak eraikitzea izango da gure jardunetako bat. Herriko kirolariei, taldeei eta kirola egin nahi duten gainerako herritarrei begira, azpiegiturak eguneratuko eta sustatuko ditugu".

Elkarbizitza

  • "Azken agintaldietan egin dugun bezala, definitzen gaituen gobernantza ereduan urratsak egiten jarraituko dugu, elkarlanean. Azpeitiarren elkarbizitzarako pausoak ematen jarraituko dugu, herria eta herritarrak politikaren lerro guztien erdigunean kokatuta. Azpeitiko EAJrentzat herria eta herritarrak dira politikaren ardatza, eta aurrerantzean ere hala izango dira".

Besterik

  • "Banda ultrazkarra ezarriko dugu landa eremuko auzoetan eta baserrietan, ezinbestekoa baita landa eremua digitalizatzea. Horrela, landa eremuetako bizilagunei herrigunekoen baliabide berak eskainiko dizkiegu".

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu