'Gara' egunkariaren egoera azaltzeko solasaldia izango da gaur

Uztarria.eus | Komunikabideak
2019ko mai. 16a, 09:05

#ExpolioGara. Etorkizunera begira izenburupean eskainiko du hitzaldia Mikel Zubimendi kazetariak, 19:00etan hasita, Basazabal jauregian. Garak akordio bat erdietsi zuen Gizarte Segurantzarekin joan zen urtarrilean: sei hilean behin milioi erdiko ordainketak egingo dizkio Garak erakundeari. Horrek asko baldintzatu du egunkariaren egoera, eta horregatik ari dira kazetako langileak herriz herri hitzaldiak eskaintzen.

Gara egunkariak bizi duen egoeraren nondik norakoak azaltzeko solasaldia izango da gaur, Basazabal jauregian. #ExpolioGara. Etorkizunera begira izenburupean eskainiko du hitzaldia Mikel Zubimendi kazetariak, 19:00etan hasita.

Gara egunkaria sortu zutela hogei urte beteko dira aurten, baina ez dute zer ospatu handirik. Izan ere, Egin egunkariak utzitako hutsunea betetzeko zabaldu zuten egunkaria, baina auzitegiek zama bat ezarri zioten Garari: Eginek 1998ko uztailean itxi zutenean zuen 4,7 milioi euroko zorra bere Gararen bizkarrean utzi zuen Baltasar Garzon epaileak. Erabaki haren harira, Garak akordio bat erdietsi zuen Gizarte Segurantzarekin joan zen urtarrilean, eta hitzartutakoaren arabera, sei hilean behin milioi erdiko ordainketak egingo dizkio Garak erakundeari: guztira, hiru milioi eurotik gora.

Zorra ordaindu behar izatea "kolpe latza" dela nabarmendu zuen urtarrilean egindako agerraldian Iñaki Soto Gararen zuzendariak, eta, hori dela eta, babesa eskatu zien erakundeei eta laguntza eskatu zion gizarteari. Gertakari hori dela eta, egoeraren berri emateko solasaldiak eskaintzen ari dira Garako kideak herriz herri.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu