Azpeitia zapatuan hasiko da Gipuzkoako Herriarteko Esku Pilota Txapelketan lehiatzen

Uztarria.eus 2019ko mai. 16a, 11:08

Donostia izango du aurkari Azpeitiak final zortzirenetan. Joaneko partidak Atano III.a pilotalekuan jokatuko dituzte, 17:00etan hasita. Aimar Egigurenek, Jakes Elosegik, Unai Alberdik, Haritz Larrañagak, Julen Egigurenek eta Daniel Murgiondok jokatuko dituzte larunbateko partidak. Itzulerako norgehiagokak Izarraitz pilotalekuan izango dira hurrengo astean.

Iazko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren irabazlea izanik, final zortzirenetan batuko dira Azpeitiko pilotariak herriarteko lehiara. Zapatuan jokatuko dituzte joaneko partidak Donostiaren aurka, 17:00etan hasita, Atano III.a pilotalekuan. Aste honetako joaneko partidetan Ilunpeko honako pilotari hauek ariko dira: kadeteetan, Aimar Egiguren eta Jakes Elosegi; jubeniletan, Unai Alberdi eta Haritz Larrañaga; eta seniorretan, Julen Egiguren eta Daniel Murgiondo. Itzulerako norgehiagokak, berriz, hurrengo astean izango dira, Izarraitz pilotalekuan –eguna eta ordua ez dituzte zehaztu–.

Kanporaketa hau gainditzen badu, Azpeitiko taldeak Adunako –Bergara kanporatu zuen final hamaseirenetan– edo Hernaniko pilotarien kontra neurtu beharko dituzte indarrak final laurdenetan.

Hona hemen aurtengo txapelketaren egutegia:

Azpeitiak iaz zazpigarren aldiz irabazi zuen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Ataun mendean hartuta. Aurretik, 2004an, 2008an2010ean, 2015ean, 2016an eta 2017an jantzi zuen Herriartekoaren txapela. XXI. mendean txapel gehien jantzi dituen herria da Azpeitia, eta iazko garaipenari esker, txapelketaren ibilbide osoan lau txapel jarraian eskuratu dituen herri bakarra da.