Haurrentzako igeriketa ikastaro trinkoak antolatu ditu Kirol Patronatuak uztailerako

Uztarria.eus 2019ko mai. 21a, 10:51

Bi adin tartetako umeentzat antolatu dituzte saioak: 4 eta 6 urte zein 7 eta 13 urte. Ikastaroak uztailaren 1etik 19ra izango dira, astelehenetik ostiralera bitartean, hainbat ordutegitan. Gaur zabaldu dute saioetan izena emateko epea, eta interesatuek igerilekuan eman ahalko dute izena.

Kirol Patronatuak igeriketa ikastaro trinkoak antolatu ditu uztailerako. Bi adin tartetako umeentzat antolatu dituzte saioak: 4 eta 6 urte zein 7 eta 13 urte. Ikastaroak uztailaren 1etik 19ra izango dira, astelehenetik ostiralera bitartean. Klaseak goizez eta arratsaldez emango dituzte, bost txandatan banatuta: 7 eta 13 urte artekoentzako saioak 09:00etan eta 16:30ean hasiko dira; eta 10:00etan, 11:00etan, 12:00etan eta 16:30ean, 4 eta 6 urte artekoentzakoak. Arratsaldeko saioetarako talde bat edo bi osatuko dituzte, izen ematen duten gaztetxoen kopuruaren arabera.

Izena emateko epea maiatzaren 21ean irekiko dute, eta parte hartu nahi dutenek igerilekuan bertan eman beharko dute saioetarako izena. Ikastaroen prezioa 54,08 eurokoa izango da Kirol Patronatuko bazkideentzat, eta 94,66 eurokoa bazkide ez direnentzat. Informazio gehiago edota izena eman nahi dutenek udal igerilekura bertaratu edo 943-81 41 21 telefono zenbakira dei dezakete.