Berrikuntzaz beterik dator Azpeitia Cup futbol txapelketa

Uztarria.eus 2019ko mai. 14a, 17:17
Azpeitia Cup futbol txapelketaren antolatzaileak eta erakundeetako ordezkariak.

Azpeitia Cup txapelketa ekainean egingo da, eta aurtengo edizioaren berri eman du antolakuntzak gaur, Sanagustin kulturgunean. Ekainaren 7tik 9ra izango da kimu mutilen txapelketa, eta ekainaren 14tik 16ra infantil neskena. Euskal Herriko, Espainiako eta nazioarteko hainbat taldek parte hartuko dute txapelketan.

Berrikuntzaz beterik dator urtero hutsik egiten ez duen Azpeitia Cup futbol txapelketa, eta Mikel Rodriguez Azpeitia Cup-eko presidenteak aurtengo txapelketaren nondik norakoen berri eman du gaur, Sanagustin kulturgunean. Azpeitia Cup txapelketako presidenteaz gain, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburua, Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol diputatua, Maite Lazkano Halcon bidaiakeko ordezkaria eta Joseba Lizarralde Rubio Iraurgi Ikastetxeko ordezkaria izan dira txapelketaren aurkezpenean.

Ekainaren 7an, 8an eta 9an kimu mutilen txapelketa izango da Garmendipe futbol zelaian. Mutilen txapelketan, guztira, 40 taldek parte hartuko dute; Euskal Herriko eta Espainiako hainbat talde izango dira lehian, eta nazioarteko beste hainbat ere bai. Talde berrien artean  Portugalgo Porto taldea azpimarratu du Azpeitia Cupeko presidenteak, eta jakinarazi du Azpeitiko Lagun Onak futbol taldea ere mutilen txapelketan lehiatuko dela. Bost futbol taldez osatutako zortzi multzotan jokatuko dute kimu mutilek txapelketa, eta multzo bakoitzetik bi talde sailkatuko dira igandeko azken fasera. Guztira, 110 neurketa jokatuko dituzte kimu mutilek hiru egunetan.

Infantil nesken txapelketa ekainaren 14an, 15ean eta 16an izango da. Aurtengo edizioan 36 taldek parte hartuko dute txapelketan, eta Rodriguezek nesken txapelketa antolatzeko "nahiko lan" izan dutela azpimarratu du. Dena den, 36 talde biltzea lortu dutelako "oso pozik" daudela gaineratu du hark. Guztira, 120 neurketa izango dira nesken txapelketan, eta Euskal Herriko, Espainiako eta nazioarteko hainbat taldek parte hartuko du lehian; Azpeitiko Lagun Onak futbol taldeak eta Ikasberri futbol taldeak ere parte hartuko dute.

Berdintasunaren aldeko apustua

Azpeitia Cup txapelketako presidenteak infantil nesken txapelketa "indartu" nahi izan dutela adierazi du, "berdintasunaren aldeko apustua" eginda. Aurreko edizioetan bi egunetako txapelketa izan da infantil neskena, eta aurten, "mutilen formatu bera" eman nahi izan diotela azpimarratu du Rodriguezek. Nesken txapelketa "indartzeko" egin duten esfortzu ekonomikoa "handia" izan dela ere aipatu du Rodriguezek, baina esan du pauso "garrantzitsua" eman dutela nesken eta mutilen "aukera berdintasuna" bermatzeko.

Rodriguezek eskerrak eman dizkie Azpeitia Cup txapelketa aurrera atera dadin lan egin duten boluntarioei, erakundeei, enpresei eta merkatariei. Horren ostean, aurkezpenera bertaratu diren erakundeetako ordezkariek hartu dute hitza, eta beraiek ere Azpeitia Cup antolatzen ibili diren lagunak goraipatu dituzte, egindako lan guztiagatik. Besteak beste, txapelketan "adiskidetasunak" eta "baloreek" duten garrantzia azpimarratu dute horiek, eta Azpeitia Cupek lortu duen erreferentzialtasunaren "garrantzia" azpimarratu dute.