Pablo Etxeberria: "Urteren batean Getaria-Zarautz proba irabaztea da dudan ilusioetako bat"

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko mai. 14a, 16:05

Udalaren aitortza jaso zuen joan den ostiralean Pablo Etxeberriak (Azpeitia, 1997), joan den apirilaren 28an erdietsi zuen lorpenagatik. Egun hartan, Masterren Espainiako Igeriketa Txapelketa jokatu zen Gasteizen, eta 800 metroko proban urrea irabazi zuen azpeitiarrak.

Pablo Etxeberria, Gasteizen lortutako urrezko dominarekin. (Izarraitz IE)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Noiztik ari zara master mailan lehiatzen?

20 urtetik aurrera, bietan lehiatzeko aukera ematen dute, master gisa edota seniorretan. Bi aukerak irekita ditudanez, asteburu berean ez badute lehiaketek bat egiten, bietan parte hartzen saiatzen naiz. Hala ere, normalean jarraitzen dut oraindik senior mailakoetan lehiatzen.

Zer alde dago masterretan lehiatzearen eta seniorretan lehiatzearen artean?

Adin batetik aurrera, seniorretan lehiatzen jarraitzen duen mundu osoak egunean bi ordutik gorako entrenamendu saioak egiten ditu; oso maila lehiakorra da. Masterretan, berriz, igerilari gehienak zaletasunari eusteko aritzen dira, gehien bat, eta ez da hain maila lehiakorra, berez. 20 urtetik aurrera dago masterretan lehiatzea, eta kategoriek bost urteko tartea hartzen dute. Hala ere, afizionatuen kategoriak direla esan daitekeen arren, egia da adin tarte batzuetan jendeak gero eta denbora gehiago eskaitzen diola prestaketari, gero eta profesionalagoa bihurtzen ari da. Dena den, ez da seniorretan lehiatzea bezalakoa, ez dago halako mailarik. Zaletasun bezala hartzen duzunez, politagoa ere badela esango nuke.

Presio gutxiagorekin aritzeko aukera ematen duelako, agian?

Bai, presio gutxiago duzu eta ez zaude emaitza jakin bat lortzearen hain menpe.

Zuk 21 urte dituzu, eta 20 eta 25 urte artekoen kategorian irabazi duzu Espainiako txapela, igerileku estalian.

Aste Santua baliatu nuen karga handiko entrenamenduak egiteko, metro askoko saioak egina nintzen. Seniorretan lehiaketarik ez zegoen egun horietan, baina masterren txapelketa bai, eta proba egitea pentsatu nuen.

Espero al zenuen txapela janztea?

Txapelketan zegoen maila ikusita, erabateko ezustekoa ere ez zen izan, baina beti da gauza atsegina txapelketak irabaztea. Hala ere, entrenatzen ondo eta gogor ibili arren, ezin izan nuen nire marketatik gertu ibili, eta horrek pena pixka bat eman zidan. Hurrengo batean izan beharko du.

Osasun arazoren bat ere izan zenuen txapelketaren bezperan, ez da hala?

Erdi gaixorik ibili nintzen aurreko egunetan, tripako minez eta, baina beno. Azkenean, denak eragiten du, baita egunean bertan gaizki lo egiteak ere.

Iruñean ari zara unibertsitate ikasketak egiten. Zenbat ordu eskaintzen dizkiozu igeriketari?

Iruñean, CD Amaia klubarekin ari naiz entrenatzen. Astean lau egunez jarduten naiz hemen, astelehenetik ostegunera, egunean bi orduz; arratsaldeko lauretatik seiretara edo zazpiretatik bederatzietara egiten ditut saioak, ikasketen egutegiaren arabera. Orain, adibidez, azterketa garaian sartzera noa eta egun normaletan zazpiretatik zortziretara joaten naiz entrenatzera, deskonektatze aldera, neurri batean. Asteburuetan, berriz, Azpeitira joaten naizenean, ostiraletan eta zapatuetan bina ordu egitea izaten da ohikoena. Asteko entrenamendu karga hamabi ordukoa izaten da batez beste, batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago.

Ondo moldatzen al zara ikasketak eta entrenamenduak uztartzeko?

Bai. Askotan, azterketak iritsitakoan utzi egin izan diot entrenatzeari, baina azken urte honetan saiatu naiz azterketak eta entrenamenduak ere uztartzen, prestaketa guztiz alde batera utzi beharrean, eta ondo joan zait. Beraz, espero dut orain datorren azterketa aldian ere dena ondo joatea.

Lehiaketei dagokienez, zeintzuk dira denboraldi honetako zure hurrengo helburuak?

Udara begira, igerilekuko Euskadiko Txapelketak ondo prestatzea da helburuetako bat. Bestetik, itsas zeharkaldien denboraldia ere hor dago, eta ea Getaria eta Zarautz artekoa zer moduz egiten dudan. Buruan dabilkidan bestea da ur irekietako Espainiako Txapelketara joatea, ikusiko dugu.

Ur irekietako zeharkaldietan asko ibilitakoa zara.

Bai, hala ibili izan naiz txikitatik, igerilekuko denboraldia bukatzen denean zeozer egite aldera. Kategoria nagusira jauzia eman nuenean bigarren egin nuen Getaria-Zarautz proban, 14 urterekin. Harrezkero, urteren batean Getaria-Zarautz irabaztea da nire ilusioetako bat.

Izarraitz Igeri Elkartean taldetxoa aritzen zarete masterretan, baina gehienak zeharkaldietan bakarrik aritzen dira. Klubak igerilekuko probetara ere animatu nahi ditu. Zuk zer diozu?

Egia da Izarraitzeko master gehienak zeharkaldietara bideratuta daudela, hor ibiltzen dira gustura. Baina inguruan egoten dira bestelako txapelketak ere, eta noiz edo noiz parte hartzea ondo legoke, probatze aldera bada ere.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu