Errefuxiatuen eta migratzaileen eskubideak aldarrikatuko dituzte igandean

Uztarria.eus 2019ko mai. 14a, 13:46
Iaz egin zuten aurreneko martxako irudia.

Jesusen Lagundiaren gizarte arloko erakundeek antolatuta, Aizpurutxo auzoaren eta Loiolako santutegiaren artean hamar kilometroko martxa solidarioa egingo dute.

Errefuxiatuen eta migratzaileen eskubideak aldarrikatzeko, Hospitalitatearen bideak egitasmoa antolatu dute Jesusen Lagundiaren gizarte arloko erakundeek. Igandean, Aizpurutxo auzoaren eta Loiolako santutegiaren artean hamar kilometroko ibilbidea egingo dute, 11:00 aldean hasita. Loiolara iristean, gainera, migratzaileentzat hospitalitate kultura sortzearen aldeko manifestu bat irakurriko dute.

Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako Jesusen Lagundiaren erakundeak dira martxa solidarioaren sustatzaileak, eta horiek errefuxiatuak eta migratzaileak "abegiz" hartuko dituen harrera kulturaren alde mugiarazi nahi dituzte herritarrak egitasmoarekin. "Ulermenean, laguntzan, babesean eta ongietorrian oinarritutako eremu bat sortu nahi dugu, abegia, lankidetza, eragina, sentsibilizazioa eta hezkuntza baliatuz", azaldu dute Jesusen Lagundiako erakundeek.

Iaz egin zuten lehen martxa, eta ehunka lagunek parte hartu zuten, tartean Siriako ehun errefuxiatu inguruk. Gainera, Loiolan izan ziren orduko hartan Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza idazkari nagusia, Monica Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Loiolako Santutegiko zuzendari nagusi Juan Migel Arregi.