Ilunpeko palistek ez dute nahi bezala hasi Herriartekoa

Uztarria.eus 2019ko mai. 13a, 10:14
Azpeitiko palistak iazko argazki batean.

Azpeitiko palistek ez dute lortu Anoetako taldea mendean hartzea: 3 eta 0 galdu zuten kanporaketaren joanekoa. Dena den, ezer ez dago erabakita; hurrengo astean ebatziko da Anoetak edo Azpeitiak, zein taldek egingo duen lehian aurrera.

Ostiralean hasi zuten Azpeitiko palistek Gipuzkoako Herriarteko Gomazko Paleta Txapelketa, baina lehiari ez zioten ekin nahi bezala. Izan ere, azpeitiarrek ez zuten Anoetako taldea mendean hartzerik lortu final zortzirenetako lehen jardunaldian. Anoetako Alkatasuna frontoian jokatu zituzten joaneko partidak, eta hirutik hiru galdu zituzten Ilunpekoek. Lehen norgehiagoka Urtzi Lopetegik jokatu zuen pilotaleku osoan, eta hark 17 eta 20 galdu zuen. Bigarren partidan, Eneko Martijak eta Oier Alkortak ez zuten lortu nagusitzerik; 15 eta 20 galdu zuten. Hirugarren eta azken partida, berriz, Asier Egigurenek jokatu zuen zazpi koadroren barruan, eta hark gutxigatik, baina 19 eta 20 galdu zuen partida.

Hiru partidak galdu izanagatik, ezer ez dago erabakita. Datorren astean jokatu dituzte Azpeitiko palistek itzulerako partidak etxean, eta orduan erabakiko da guztia; orduan ebatziko da Anoetak edo Azpeitiak, zeinek egingo duen aurrera Herriarteko Txapelketan. Iazko egin zen gomazko paleta txapelketaren lehen edizioa, eta Azpeitiko palistek lan ezin hobea egin zuen; izan ere, txapeldunorde titulua eskuratu zuten Donostiaren aurkako finala galduta.