Ilunpe, Berria Txapelketako final laurdenetara

Uztarria.eus 2019ko mai. 12a, 20:00
Ilunpeko pilotariak gaur.

Azpeitiko taldea gaur hasi da txapelketa horretan lehiatzen. Final zortzirenetako kanporaketa jokatu dute Ilunpeko pilotariek, Ultzamako Buruzgain taldearen kontra, eta 2 eta 1 nagusitu dira azpeitiarrak. Horrenbestez, final laurdenetako kanporaketan izango da Ilunpe; ekainaren 2an izango da, Usurbilgo Pagazperen edo Atarrabiako Paz Zigandaren kontra.

Ondo hasi dute Ilunpe pilota elkarteko kideek Berria Txapelketa; izan ere, 2 eta 1 irabazi dute gaur Ultzamako Buruzgain klubeko pilotarien kontra Hernanin jokatutako final zortzirenetako kanporaketa. 11:00etan hasita neurtu dituzte indarrak bi taldeek, eta partida bateko kanporaketak direnez, Ilunpek txapelketan jarraitzeko eta final laurdenetan lehiatzeko txartela eskuratu du.

Lehen norgehiagoka, kadeteena, Aimar Egigurenek eta Josu Labakak jokatu dute, eta horiek 22 eta 6 nagusitu dira. Bigarren norgehiagoka, jubenil mailakoa, 11 eta 22 galdu dute Unai Alberdik eta Jakes Elosegik. Hirugarren partida, seniorrena, berriz, Oier Apezetxeak eta Daniel Murgiondok irabazi dute, aurkariak 22 eta 20 mendean hartuta.

Ekainaren 2an izango da final laurdenetako kanporaketa, eta Ilunpek Usurbilgo Pagazpe edo Atarrabiako Paz Ziganda taldea izango du aurkari. Kanporaketa hori irabazten duena sailkatuko da finalerdietara.

Berria egunkariak antolatutako txapelketan Euskal Herriko pilota elkarte onenak ari dira parte hartzen, eta ekainaren 22an izango da txapelketaren finala Hernanin. Lehiaren irabazleak 3.000 euro eskuratuko ditu, txapelez eta garaikurrez gain. Txapeldunordeak 2.000 euroko saria izango du, eta hirugarren eta laugarren sailkatuek, 1.000 bana eurokoa. Final-laurdenetan kanporatzen diren taldeek, berriz, Petritegi sagardotegian zortzi lagunentzako afaria eskuratuko dute.