Lagun Onakeko gizonen bigarren taldeak igoera fasean saiatu beharko du mailaz igotzen

Uztarria.eus 2019ko mai. 11a, 21:55
Lagun Onakeko Gorengo Mailako taldea.

Lagun Onakeko Gorengoen Mailako taldeak 1 eta 3 irabazi du Lazkaoren kontrako norgehiagoka, baina partida irabaztea ez zaio aski izan Ohorezko Erregional Mailara igotzeko. Izan ere, sailkapeneko lehen hiru taldeek zuten mailaz igotzeko aukera, eta Urolak egin du balentria, Aloña Mendiren kontra bana berdinduta. Mailaz igoko den edo ez jakiteko play offen zain egon beharko du Lagun Onakek.

Ohorezko Erregional Mailara igotzeko aukera zuen gaur Lagun Onak futbol taldeko gizonen bigarren taldeak, eta Lazkaon jokatu duen partida 1 eta 3 irabazi badu ere, ez du mailaz igotzeko txartelik eskuratu. Izan ere, Lagun Onakek ez zuen aski partida irabazita; Aloña Mendiren eta Urolaren arteko partidaren emaitza oso garrantzitsua zen Azpeitiko taldearentzat, hiru taldeek baitzuten mailaz igotzeko aukera. Partida bana berdindu egin dute bi talde horiek, eta golen aldea tarteko, Urola igo da mailaz.

Hori dela eta, Lagun Onakek igoera fasean izango du mailaz igotzeko bigarren aukera. Joan-etorriko kanporaketa izango da, datorren astean izango da lehen partida, Touring taldearen aurka neurtu beharko ditu indarrak, baina oraindik ez dakite non, zein egunetan eta zer ordutan izango diren norgehiagokak.