Atxur festan murgildu dira herritarrak gaur Aratzerrekan

Uztarria.eus 2019ko mai. 11a, 21:09

San Isidro jaiak atzo hasi zituzten Aratzerrekan, atxurraren igoerarekin, eta gaur ere, Atxur Festie-ren aitzakian, festa giroan murgildu dira herritarrak. Arratsaldean hainbat jolas egiteko aukera izan dute gaztetxoenek; izan ere, ohiko moduan, Aratzerrekako lur sail batean teniseko pilotak aurkitzen aritu da hainbat ume, atxurrek lagunduta. Ondoren, berriz, lokotx bilketa saioa egin dute horiek frontoian.

Ondoren hasi da herri kirol erakustaldia, Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño aizkolarien nahiz Jon Unanue Goenatxo III.aren eskutik. Poteoaren ostean, afaria egin dute, eta afalostea girotzeaz trikitilariak arduratu dira. Ohiko legez, gauerdia pasatzean, lehiaketa xelebrea egingo dute: nork hiru arrautza egosi lehenago jan. Irabazleak 30 euro eta dozena arrautza eskuratuko ditu. Festari luzapena ematen dionak, gainera, baratzuri-zopa dastatzeko aukera izango du 03:30ak aldean.

Asteazkenean izango da San Isidro eguna, eta festei agur esan aurretik, hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Besteak beste, meza, bazkaria eta trikitilarien emanaldia izango da. Gainera, arratsaldean pilota partidak izango dira Elkartasuna frontoian. Egunari eta jaiei bukaera emateko, atxurraren jaitsieta eta afaria egingo dituzte.

Hona hemen, gaur arratsaldeko irudi batzuk: