Guillermo Izquierdo: "Orain arteko diskorik onena da Azpeitian aurkeztuko duguna"

Uztarria.eus 2019ko mai. 10a, 13:30
Angelus Apatridako musikariak; ezkerretik hirugarrena da Guillermo Izquierdo.

Angelus Apatrida musika taldeak kontzertua emango du bihar gauean Sanagustin kulturgunean, Legen Beltza taldearekin batera; 23:00etan hasiko dira zuzenekoak. Guillermo Izquierdo Angelus Apatridako abeslari eta gitarristak azaldu du "energiaz betetako gaua" izango dela biharkoa. 

Angelus Apatrida 2000. urtean sortutako musika taldea da, lokal berean entseatzen zuten bi taldek bat eginda. Nolakoak izan ziren hasierako urte haiek, eta zer eman zion talde haietako bakoitzak Angelus Apatridari?

Denbora asko pasatu da garai hartatik. Hainbeste gauza gertatu dira hemeretzi urteotan taldean, zaila egiten zaidala hasiera haiek oroitzea. Hasiera gogorra izan zen, eta oraindik ere, hala izaten jarraitzen du bideak; hamarkada batez baino gehiagoz lan asko egin behar izan dugu musikatik bizi ahal izateko. Ilusioz betetako baina teknikarik gabeko nerabeak ginen orduan, eta laurok elkarrengandik ikasi dugu eta elkarren ondoan hazi gara. Orain ez gara hain nerabeak, baina lehen baino ilusio gehiago dugula esan dezakegu, hori horrela izatea posible baldin bada.

Zergatik Angelus Apatrida?

Oraindik ere galdera hori egiten diot neure buruari. Ez dakit, ez genuen oso argi zein izen aukeratu, ingelesezko edo gaztelaniazko izen bat hautatu. Orduan, taldeko bateria-jotzailea zen nire anaia Alberto, eta egun batean, logo oso polit bat ekarri zuen Angelus Apatrida izenarekin; latinezko esamoldea da. Oso arraroa iruditu zitzaigun, baina beno, ondo gelditzen zen, eta esan genuen: "Beno, aurrereago izen hobe bat topatuko dugu...". Eta horrelaxe, gaur arte.

Nola definituko zenuke egiten duzuen musika?

Generoko elitista batek esango luke power metala egiten dugula, estilo amerikarrera. Hain "guay" ez den beste norbaitek, agian, esango du trash metala dela egiten duguna. Heavy metal talde bat gara, malaletxe handiarekin, baina umore ona ere badugu. Inguratzen gaituen gizartearekin konprometituta gaude; horrek ere markatzen du gure estilo propioa.

Cabaret de la guillotine diskoa aurkeztuko duzue Azpeitian. Zer ezaugarri ditu zuen azken lanak?

Estudioko seigarren lana da. Guretzat orain arte kaleratu dugun diskorik onena da; izan garen eta egun egiteko gai garen guztia batzen du. Onena da baditugula azken lana hobetzeko hurrengo diskoan aplika ditzakegun pista batzuk.

Adituek diote diskoak Sepultura, Metallica edo Pantera gisako taldeak gogorarazten dituela. Ados al zaude horrekin?

Umeak ginenetik erreferente handiak izan dira horiek guretzat; asko ikasi dugu haiekin, eta haien doinuen eragina izan dugula ukatzea gezurra esatea litzateke. Iron Maiden, Judas Priest edo Black Sabbath taldeek ere eragin handia dute guk egiten dugun horretan, baita talde "modernoagoek" ere: Machine Head, Mastodon edo Gojira. Beti gustatu izan zaigu inguratzen gaituen guztitik elikatzea.

Europa guztian zehar aritu zarete diskoa aurkezten, eta larunbatean Azpeitira iritsiko zarete. Izan al zarete inoiz Azpeitian?

Euskal Herrian jotzeko zortea askotan izan dugu. Duela ez asko Donostian izan ginen, Larratxo kultur etxean, eta sarrera guztiak saldu ziren. Azpeitian 2008ko neguan jo genuen, duela ia 11 urte, eta gau ederra izan zen; Baionako Killers taldearekin batera aritu ginen. Duela 15 urte ezagutu genuen lehen taldeetako bat izan zen Legen Beltza, eta lagun oso handiak ditugu hango taldekideak. Oso emozionantea da haiekin agertokia elkarbanatu ahal izatea, eta gainera, beraien jaioterrian, Azpeitian, ematea kontzertua.

Nolakoa izango da biharko kontzertua?

Energiaz beterikoa. Angelus edo Legen Beltza inoiz ikusi ez duenak flipatu egingo du. Ikusi gaituenak, berriz, badaki zertaz ari naizen.