Hamar bikoteri Basazabal jauregian afaltzeko aukera emango die Bertanek

Uztarria.eus 2019ko mai. 6a, 21:00

Maiatzaren 26a bitartean Azpeitia txartelarekin erosketak egiten dituzten bezeroen artean, bina lagunentzako hamar afari berezi zozkatuko ditu Bertan merkatarien elkarteak. Afariak ekainaren 8an izango dira, Basazabal jauregian.

Abian da Bertan Azpeitiko merkatarien elkartearen 10 Afari saritan kanpaina. Hilaren 26a bitartean elkarteko dendetan Azpeitia txartelarekin erosketak egiten dituzten bezeroen artean, hamar afari bikoitz zozkatuko ditu. Afariak Basazabal jauregian izango dira ekainaren 8an, eta saridunek Kiruri jatetxeak prestaturiko Erdi Aroko menu bat dastatzeko aukera izango dute, zuzeneko musikak lagunduta.

Ez da Azpeitiko merkatarien elkarteak modu honetako kanpaina bat gauzatzen duen lehen aldia. Iazko ekainean eta urrian ere egin zituen, baina bi aldi horietan saridunek Azoka Plazan dastatu zuten Elikaguneko sukaldariak prestatutako afaria. "Bezeroen aldetik oso erantzun ona jaso genuen eta horregatik erabaki dugu hirugarrenez formato bereko kanpaina egitea", azaldu du Xabier Aldalur elkarteko teknikariak. Oraingoan, ordea, kanpaina berritasunekin dator, afariak Basazabalen izango baitira. "Jauregia zaharberrituta ikusi genuenean, leku aproposa iruditu zitzaigun horrelako ekimenetarako. Udalarekin hitz egin, eta afariak hemen egitea erabaki dugu".

Afariak ekainaren 8an izango dira, Basazabal jauregiko bodegan. "Jauregia zaharberritzeko prozesuan, eraikinak zituen berezko lekuak eta izaera errespetatu nahi izan ditugu", azaldu du Agustin Lizarralde Udaleko ziengotziak. "Horregatik, afariak beheko solairuan izango dira, bodega eta sagardoa egiteko tolarea zeuden lekuan. Gure asmoa da gune hori bertako produktuak ezagutzera emateko eta bultzatzeko ekintzak egiteko erabiltzea". Lizarraldek argi utzi du ez dutela nahi Basazabalen jatetxeek ematen duten zerbitzu gastronomikoa ematerik, baizik eta helburua dela "turismo gastronomikoak duen potentziala ikusita, tokiko esperientziak sustatzea".

Horiek horrela, Basazabalen afaltzeko aukera "sari esklusiboa" dela nabarmendu du Bertaneko teknikariak. "Beste era batera lor ezin daitekeen zerbait da. Afari soil batetik haratago doan esperientzia bat eskaini nahi diegu saridunei". Afariaz gain, Basazabal jauregia ezagutzeko bisita gidatua egiteko aukera ere izango dute.

Kiruri jatetxeko sukaldariak prestatuko du afaria, Basazabaleko sukaldean bertan, eta menua Erdi Aroko produktuekin eta bertakoekin osatuko duela aurreratu dute antolatzaileek. Giroa goxatzeaz, berriz, Naiara Larrañaga dekoratzailea eta Enekora bakarlaria arduratuko dira. Larrañagak atonduko du lekua, garai hartako ukitua ematen dioten "xehetasun txiki batzuk" jarrita. Enekorak, berriz, afaria girotuko du, zuzeneko musikarekin.

Nola parte har daiteke zozketan?

Maiatzaren 26a bitartean Bertan elkarteko dendetan Azpeitia txartelarekin erosketak eginda. Beraz, zozketan parte hartzeko ezinbesteko baldintza da Azpeitia txartela izatea.

Herritarrek non lor dezakete Azpeitia txartela?

Azpeitiko Rural Kutxaren bulegoan (Foru Ibilbidea, 10), Bertan merkatarien elkartearen bulegoan (Enparan kalea, 1-1), Bertan elkarteko saltokietan edo www.azpeitinbertan.eus/elkarte-txartela helbidean.

Bezeroek nola jakingo dute saridunak direla?

Ordainketa egiten duten unean bertan, erosketa txartelean azalduko zaie saridunak direla.

Zenbat afari zozkatuko dira?

Bina lagunentzako hamar afari.

Noiz izango dira afariak?

Ekainaren 8an, Basazabal jauregian.

Elkarteak beste zozketa edo lehiaketarik egingo al du aurki?

Datozen asteetan, Udaberriko erakusleiho eta balkoi lehiaketa abian jartzeko asmoa dute Bertan merkatarien elkarteak eta Azpeitiko Udalak. Herritarrak bultzatu nahi dituzte saltokietako erakusleihoak eta etxeetako balkoiak udaberri giroan apaintzera, eta onenek saria izango dute. Dena dela, laster emango dute ekintza horren inguruko informazio gehiago.