Udal Liburutegiak hainbat ekitaldi antolatu ditu datozen egunetarako

Uztarria.eus 2019ko mai. 6a, 15:02

Datozen egunetan, irakurketa errazaren festa, musika eta poesia emanaldia, bisita gidatua, jolasak, eskulan tailerra eta magia ikuskizuna izango dira liburutegian eta eraikinaren kanpoaldean. Bisita gidaturako eta eskulan tailerrerako aurrez izena eman behar da. Pasatu berri diren Haurren Liburuen Nazioarteko Egunaren eta Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira antolatu dituzte ekintzak.

Apirilean izan ziren Haurren Liburuen Nazioarteko Eguna (apirilak 2) eta Liburuaren Nazioarteko Eguna (hilak 23), eta urtero legez data horien bueltan hainbat ekintza antolatu ditu Udal Liburutegiak. Batzuk egin dituzte dagoeneko, baina Liburuaren Nazioarteko Eguna Pazko Astean egokitu zenez, aste honetan eta hurrengoan jarraituko dute data horien bueltan antolatutako ekintzekin. Gainera, liburutegiaren 55. urtemuga ospatzeko ere baliatuko dituzte ekitaldiak.

Etzi, maiatzak 8, irakurketa errazaren festa egingo dute Biharko eguneko zentroko eta Goienetxe fundazioko kideek. Hain zuzen ere, irakurketa saio berezia egingo dute liburutegian, eta segidan, hamaiketakoaz gozatuko dute. Ostegunean, berriz, hitzak eta musika uztartuko dituen emanaldia izango da Enparan Dorretxean; izan ere, Egoitz Arrutik, Iraia Bereziartuak eta Eider Bereziartuak osatutako Inharrak taldeak poesia musikatu saioa eskainiko du bertan, 19:00etatik aurrera.

Ostiralean hainbat ekintza izango dira. Goizean, 10:30ean, Enparan Dorretxearen historia ezagutu ahal izango dute herritarrek Juan Bautista Mendizabal historialariak eskainiko duen bisita gidatuari esker. Saio horretan parte hartu nahi duten herritarrek bihar izango dute izena emateko azken eguna; horiek liburutegian eman beharko dute izena. Ostiral arratsaldean, 17:00etatik aurrera, berriz, liburutegia kalera aterako dute. Jolasak, aurpegi margoketa, eskulanak eta Julen Magoaren saioa izango dira Enparan Dorretxearen atarian. Julen Magoaren saioa 18:30ean hasiko da.

Datorren astean ere izango da zer egin liburutegian. Izan ere, astelehenean, 2 eta 3 urteko haurrei zuzendutako ipuin kontaketa saioa eskainiko du Yolanda Arrietak, 18:00etan hasita. Hilaren 16an, ostegunez, berriz, LH3 eta LH6 arteko umeentzat eskulan tailerra izango da. Saio horretarako izena eman beharko da maiatzaren 14a bitartean, liburutegian edo ludotekan.

Maiatzaren hondarrean, berriz, haurren bisitaldiak, Urrestillan liburutegi zerbitzua eskainiko dute, literatura solasaldia, marrazketa saioa eta irakurleen txokoko festa egingo dituzte.