'Jokoz kanpo' antzezlana ikusi ahal izango da ostiralean, Soreasun

Uztarria.eus 2019ko mai. 6a, 13:47

Lagun Onak futbol taldeak antolatu du emanaldia, klubaren 75. urtemuga dela eta. 21:30ean hasiko da saioa, eta sarrerak dagoeneko salgai daude Kulturaz.eus atarian nahiz Sanagustin kulturgunean, bost euroren trukean. Borobil Teatroa taldearen obra da Jokoz kanpo, eta Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Asier Sota dira aktoreak.

Lagun Onak futbol taldearen 75. urtemuga dela eta, Jokoz kanpo antzezlanaren emanaldia izango da ostiralean, Soreasu antzokian. 21:30ean hasiko da saioa, eta sarrerak dagoeneko salgai daude Kulturaz.eus atarian nahiz Sanagustin kulturgunean, bost euroren trukean. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira sarrerak, Soreasuko lehiatilan. Kultur Bonoa duten herritarrek hori baliatu ahal izango dute ikuskizunerako.

Borobil Teatroa taldearen obra da Jokoz kanpo, eta Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Asier Sota dira aktoreak. Lana Mikel Pagadizabalek, Nagore Aranburuk eta Anartz Zuazuak sortutakoa da, eta hain zuzen ere, Zuazua da obraren zuzendaria. Honako hau da antzezlanaren sinopsia: "Futbola handia da, miresgarria. Futbolari esker ikasten dugu talde lana zeinen garrantzitsua den, ausardia eta umildadearen arteko orekaz, galtzen nola ikasi. Ikaragarria da zer pasio pizten dituen, eta aldi berean, zer frustazio sortzen duen. Futbolak milaka pertsona aldi berean hunki edo hondora daitezen lortzen du. Itxuraz normala, orekatua eta lasaia den pertsona segundo batzuetan basati bihurtzea ahalbidetzen du. Manuk eta Martinek aspalditik ezagutzen dute elkar. Manuk eta Martinek finala dute begien bistan. Eta finala irabazi egin nahi dute. Garaipena dute nor direla frogatzeko modu bakarra, bizitzan jokoz kanpo ez daudela erakusteko aukera bakarra".