'Alardeak, ukatutako plazara' liburua aurkeztuko dute bihar Emakumeen Txokoan

Uztarria.eus 2019ko mai. 7a, 12:17
Arantxa Iraola eta Maite Asensio kazetariak 'Alardeak, ukatutako plazara' liburuarekin. (Argazkia: Bidasoako Hitza)

Maite Asensio eta Arantxa Iraola Berriako kazetariek Alardeak, ukatutako plazara liburua aurkeztuko dute bihar, maiatzak 8, 18:00etan. 

1996. urtean Irunen eta Hondarribian hainbat emakumek Alardean soldadu gisa parte hartzea erabaki zutenetik hogei urte baino gehiago pasa dira. Urte guzti horietan, zalaparta sortu du gai horrek Bidasoa eskualdean. Maite Asensio eta Arantxa Iraola Berriako kazetariek liburuarekin aitortza egin nahi izan diete alardeetan parekidetasuna eskatzen hasi ziren emakumeei; horretarako, alarde parekidearen eta alarde baztertzailearen aldekoen eta kontrakoen ikuspegiak bildu dituzte liburuan. Emakumeen Txokoan aurkeztuko dute egileek liburua bihar, maiatzak 8, 18:00etan hasita. Azpeitiko Emakumeen Mahaiak eta Udalak antolatu dute aurkezpena.

Urte guzti hauetan sortu zaizkien galderei erantzun nahi izan diete Asensiok eta Iraolak; besteak beste, zergatik sortu zen hain erantzun bortitza andreen partaidetzaren aurka, zein osagaik eragin eta elikatu zuten kontrakotasun hori, eta erakunde publikoen eta alderdi politikoen jarrera zein izan den gatazka horren aurrean. 2018. urtean argitaratu zuen Berria taldeak liburua, eta kazetariek 80 elkarrizketatik gora egin zituzten libururako. Honako lotura honetan irakur daiteke Bidasoako Hitzak Iraolari eta Asensiori liburuaren harira egindako elkarrizketa.